Zuzenean
Bost urte pasa dira Cobra taldeak bere aurreko lana, ‘Fyre’ kaleratu zuenetik. Udazken honetan ‘Henko’ lan berriarekin datoz eta soinuan ere aldaketaren bat edo beste garatu dute ‘Hontzaren hegaldia’ kantuan entzun daitekeen moduan. Xanperen gidaritzapean grabatu dute diskoa haren Koba Estudioan eta bi taldekide ere berriak izan dira grabaketa prozesu horretan.
Sergio G. Rebollok Ekain Elortzaren tokia hartu zuen ‘Fyre’ diskoaren aurkezpen biran eta, David Gonzalezek 2024an taldea utzi ondotik, Iñigo Ibarrondok hartu du baxua grabatzeko ardura. Taldeak horrela definitu du kaleratzear den diskoa: «"Henkok", aldaketa, erabakiak eta ondorioak, agurrak eta etsipena, akatsetik sortzen den ikaskuntza, eta batez ere, erresilientzia aztertzen dituzten sei abesti biltzen ditu: une ilunenetan ere altxatzeko, aurrera begiratzeko eta indar eta motibazioz jarraitzeko gaitasuna erakusten du. Cobra definitzen duen indarra eta sendotasuna mantentzen duen lana da ‘Henko’ baina aldi berean, nortasun zabalago eta berrituarekin datorren aro berri bati hasiera ematen dio».
2007an sortu zirenetik kaleratuko duten bosgarren diskoa izango da eta, besteak beste, Jon Aguirrezabalaga eta Zaloa Urainen kolaborazioak ere izango ditu. Azaroaren 14an izango da ‘Henko’ lan berriko sei kantuak osorik entzuteko aukera. Bitartean, kantuaren gaineko eta taldearen inguruko xehetasun gehiago entzun goiko elkarrizketan.



