Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

«Denok beti jakin izan dugu oso ondo Montxo hil zutela»

Bost hamarkadez mantendu nahi izan dute suizidioaren bertsio ofiziala. 50 urte geroago, egia azaleratzen hasi da, polizia batek erail zuela Montxo Antia ETAko militantea. GEBehatokiak jarri duen kereilari tiraka, gazte donostiarraren memoria ekarri du Naiz Irratira Joxean Agirrek. 

Audio_placeholder

«Denok beti jakin izan dugu oso ondo Montxo hil zutela»

Loading player...
Joxean Agirre NAIZen erredakzioan.
Joxean Agirre NAIZen erredakzioan. (NAIZ Irratia)

Montxo Martinez Antia eraila izan zela dioten froga berriak aurkeztu ditu Giza Eskubideen Behatokiak. Kasua berriz ebaluatu dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Joseri, Martinez Antia Estatuaren biktima gisa aitortu eta familiak erreparazioa eskatu dezan. Joxean Agirre GEBehatokiko soziologoa argiki mintzatu da 1975eko udan hartan Madrilen gertatutakoaz: «Denok beti jakin izan dugu oso ondo Montxo hil zutela». 

Karmen Antia amaren, Elena Martinez ahizparen eta haren militantzia kide izandako Javier Ruiz de Apodakaren testigantza oso argigarriak biltzen ditu, 'Montxo, kasu irekia' dokumentalak, NAIZen ikusgai dagoena. 50 urte geroago, egia azaleratzen hasi da. Egia auzokoa zen Montxo Antia, gaztetatik konprometitua Euskal Herriarekin. Militantzia horrek eramango zuen Ipar Euskal Herrian errefuxiatzera, baita urrats bat gehiago ematera ere; ETA (pm)-ko kide gisa bueltatu baitzen eta erakunde horren aginduz, 1975eko udan Madrilera bidali zuten komandoetako baten parte izan zen.  

Ez zuten hauek edonolako helburua, 'Txiki' eta Otaegi erakunde berbereko militanteen «heriotza zigorrak geldiarazteko», joan baitziren Madrilera, Agirrek gogora ekarri duenez, «erabaki hori birpentsatzera eramango zuen edozein ekintza armatu» burutzera. Asmo nagusia, bahiketa baten bitartez, euskal presoen «trukea» bultzatzea zen, baina ez zen sekulan gauzatuko, Espainiako hiriburuan hanka jarri bezain pronto, «lokalizatuta, monitorizatuta eta kontrolpean» zeuzkatelako, Mikel Lejarza 'El Lobo' infiltratua zelako komando horietako kide. Are gehiago, Montxo Antiaren pisukidea zen Lejarza bera. 

Kontuan hartu behar da, Josu Mujika militantearen heriotza ere, suizidio gisa erregistratu zuela aurretik ere poliziak. Lejarza inplikatuta egon zen kasu honetan ere, erailketa izan zela frogatuta gelditu da. Antonio Campillo hilko zuten ordea, Martinez Antiaren testuinguru berberean Bartzelonan zegoen beste komando baten aurkako operazioan. 

Gauzak horrela, 1975eko udan zegoen etxebizitzan bere burua inguraturik ikusita, Montxo Martinez Antiak bere buruari tiro egin ziola zioen bertsio ofizialak. Ikerketa berriek, bertan behera utzi duten bertsioa. «Froga sendoak daude frogatzeko pistola ez zela erabili. Suizidioaren mekanikak, gorputzaren posizioak eta inguruko elementuek ez dute posible egiten suizidioaren bertsioa, ez arma batekin ez bestearekin. Eta heriotza ez bada naturala izan, ez bada istripua izan eta baztertzen badugu suizidioa, hilketaren aukera gelditzen da bakarrik. Nor zegoen hor Montxoz a parte? Polizia. Nork hil zuen? Hori ez dugu sekula jakingo», ondorioztatu du Agirrek. 

Jaurlaritza Logoa