Zuzenean

Kezka zabaldu da Sakanan, Cementos Portlandeko Valderrivas enpresaren azpiegiturak hondakinak errausteko erabil daitezkeela jakin ostean. Kezka hori gizarteratu eta antolatzeko helburuz sortu dute hainbat herritarrek Sakana Bizirik plataforma. Jon Kepa Bengoetxea kideak Naiz Irratian azaldu duenez, «beldur gara hondakin guzti hauek porlandegian erre nahi dituztela. Ezkutatu nahi dute. Balorizazioa deitzen diote, baina denok badakigu zer den».
Biomasa sortzeko hondakin balorizazioaren argudiopean, Nafarroako Foru Gobernuak jarduera horretarako baimena eman dio Cementos Portlanderi eta horixe da berritasun nagusia orain, hondakinak errausteko asmoa, ez baita berria. Sakana Bizirik plataformaren helburuetako bat, herritarrek orain arte egindako lana antolatu eta indartzea da. «Duela hilabete berri hori jaso genuen eta pentsatu genuen erantzun irmo bat eman beharko genuela», adierazi du Bengoetxeak. Baikor dira lortuko dutela helburua, iaz ere proiektua geldiaraztea lortu baitzuten inguruko herritarrek, plataformako kideak gogora ekarri duenez, «behin gelditu dugunez, berriz ere epe motz batean gelditzea espero dugu, ez baitauka ez hanka ez buru».
Herritarren aktibazioa berehala sustatzeko, datozen hilabeteetan «sentsibilizazio kanpaina» abiatuko dute, Sakanan ez ezik, baita eskualdearekin mugakide diren Arabako Lautadan eta Goierrin ere.



