Zuzenean
«Polinizatzaile guztiak behar dira ekosistemak funtziona dezan»
Gorbeian polinizatzaileen inguruan egin duten azterlanaren berri eman du Maddi Artamendi EHUko ikertzaileak Gelditu Makinak saioan.
«Polinizatzaile guztiak behar dira ekosistemak funtziona dezan»

Gorbeiako Parke naturalean dauden polinizatzaileen elikadura portaerak ikertu ditu Maddi Artamendi EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak. Egindako lanaz, polinizazioaz eta dibertsitatearen beharraz hitz egin du Gelditu Makinak saioan.
Nola ikertzen duzu?
Nire lan gehiena mendian izan da Gorbeiako Parke Naturalean egon naiz ikertzen hiru urtez hiru udaberritan zehar; hau da, lau hilabete urtean. Egiten duguna da udaberri hasieratik bukaerara behatu nola aldatzen den landaredia, nola doazen ateratzen espezie desberdinak eta, honekin batera, nola doazen azaltzen polinizatzaile espezieak. Izan ere, ez da berdina udaberri hasieran, erdialdean eta amaieran dagoen espezie dibertsitatea.
Zer teknikarekin?
Gorbeian 5 lekutan ibiltzen gara. 250 m-ko trantsektuak ditugu eta eremu horretan dauden landare espezie eta loretan dauden indibiduo kopurua zenbatzen dugu landare eskuragarritasunaren adierazle bat izateko. Gero, polinizatzaileek bisitatzen dituzten landareak aztertzen ditugu alderatu ahal izateko zer landare bisitatzen dituzten dagoen aukera kontuan hartuta. Horrek ematen duen informazioa da ea polinizatzailea eskuragarri dagoenaren arabera elikatzen den edo espezialistagoa den eta, nahiz eta eskuragarri egon landare espezie pila bat edo lore asko duen landare bat, beste batean zentratzen ote den. Bestetik, trantsektu horretan apuntatzen dugu landare bat bisitatzen duen polinizatzaile bakoitza.
«200 polinizatzaile inguru identifikatu ditugu gure bost lekuetan eta oso deigarria da estimatzen dugula berez dagoenaren % 40 inguru ikusi dugula»
Landareak geldirik daude baina nola kontatzen dira polinizatzaileak?
Poliki-poliki joaten gara oinez 250 metro horietan zehar. Ordubete goizean, ordubete eguerdian eta ordubete arratsaldean. distantzia hori egiteko ordu erdi behar dugu, beraz, mantsotasun horrek baimentzen digu ez uxatzea gerturatzen diren polinizatzaileak.
Zenbat espezie identifikatu dituzue?
200 polinizatzaile inguru identifikatu ditugu gure bost lekuetan eta oso deigarria da estimatzen dugula berez dagoenaren % 40 inguru ikusi dugula. Badugu mendira egindako irteerak eta topatutako polinizatzaile espezieak alderatzen dituen taula bat. Bertan kurba bat marrazten da eta kurba hori, irteera kopurua handitu ahala, handitzen jarraitzen badu ere, apalago ahazten da. Horrek esan nahi du askoz ere ordu gehiago behar direla mendian espezieen %100era heltzeko. Landareetan askoz azkarrago heltzen gara % 100era, geldirik daude eta.
Zer polinizatzaile mota daude Gorbeian?
Gorbeian intsektuak dira polinizatzaile guztiak. Gehiengoari, polinizatzailea esandakoan ezti erlea datorkio burura eta komeni da argitzea hori dela espezie bat erleen barruan, non 20.000 erle espezietik gora daudela estimatzen den. Bestalde, intsektu mordoa dira polinizatzaileak: tximeletak, euliak eta kakalardoak, besteak beste.
«Tximeletek eta sitsek mingain oso luzeak dituzte eta lore luzangak poliniza ditzakete, erle txikiak beste lore batzuetara doaz, euliak oso zabalak eta oso agerikoak diren loreetara… denak behar dira ekosistemak funtziona dezan»
Azkenean, bakoitzak funtzio bat betetzen du. esaterako, erlastarrak handiagoak dira, pisutsuagoak, eta horrek baimentzen die itxita dauden loreetan sartzen. Beren pisuarekin lore itxiak irekitzen eta polinizatzen dituzte. Tximeletek eta sitsek mingain oso luzeak dituzte eta lore luzangak poliniza ditzakete gai direlako iristeko sakontasun horretara. Erle txikiak beste lore batzuetara doaz, euliak joaten dira oso zabalak eta oso agerikoak diren loreetara… denak behar dira ekosistemak funtziona dezan. Hala ere, zaila da polinizatzaileak identifikatzea eta taxonomoari hamaika dei egiten zaizkio.
Gero, intsektuez gain, munduan badaude polinizatzaileak diren beste animalia batzuk, esaterako, kolibriak (hegaztiak) eta saguzarrak ere ikusi da garrantzi handia dutela polinizatzaile moduan.
Eguneko orduaren arabera intsektu desberdinak dabiltza lanean?
Erlastarrak tenperatura baxuekin hegan egin dezakete, beraz, goizean ikus daitezke. Tximeletek eta erle txikiagoek, bestalde, behar dituzte tenperatura altuagoak eta eguerdian agertzen dira.
Saguzarrak aipatu dituzu, beraz, uste guztien kontra, polinizatzea gauez ere eman daiteke.
Hori da, bai saguzarrak eta baita sitsak ere polinizatzaile gautarrak izan daitezke.
Zer mehatxu dituzte polinizatzaileek?
Batez ere habitataren galera eta paisaiaren homogeneizazioa. Horrek eragiten du ez izatea habiak egiteko lekuak eta elikatzeko behar duten landare dibertsitate nahikoa, zeren, Gorbeian ikusten duguna da beren elikatzeko sareak dinamikoak direla, bai egunean zehar tenperaturaren arabera aldatzen direlako baina baita udaberrian zehar ere. Dibertsitate hori beharrezkoa da polinizatzaileen portaera malgua eta aldakorra izateko eskuragarri dauden loreetara. Pentsa daiteke lore bat desagertzen bada eta ikusi bada erlastar jakin bat berataz elikatzen dela, bada, erlastarra ere desagertuko dela baina ez da horrela, zeren gai dira beren portaera aldatzeko eta espezie bat ez badago beste espezie batengana jotzeko. Orduan, beharrezkoa da dibertsitate bat zeinek baimenduko dien portaera malgutasun hori izaten. Gainera, elikadura dibertsitateak erresistenteagoak egiten omen ditu onddoen edo beste parasito batzuen aurrean.
Zer da paisaia homogeneo bat?
Monokultiboz betetako lursailak non ez dauden landare basatien partxeak tartean, urbanizazioak lurrak kentzen dituelako eta bertako landarediaren espazioa galtzen delako…
Polinizatzaileen galera areagotzen ari omen da. Zer neurri har daitezke galera hori eteteko?
Habitatak. Polinizatzaileek elikatzeko eta habiak egiteko baliabideak dituzten lekuak eta habitatak mantentzen dituzten lekuak behar dira.



