Zuzenean
«Eibarren bizitakoa izugarria izan zen, betirako oroituko dudan eguna»
Ane Santestebanek Eibarreko Sari Nagusian azken aldiz jantzi zuen dortsala, bere bizitzako «egunik politenetarikoa» izan zela. Azken 15 urteetan nazioarteko tropelean emaitza bikainak lortu ditu, eta egindako ibilbideari errepasoa egin dio NAIZ irratian. «Oso pozik» doa egindakoarekin.
«Eibarren bizitakoa izugarria izan zen, betirako oroituko dudan eguna»

Aitzindari eta eredu izan da Ane Santesteban, errepidean lortu dituen emaitzengatik eta errepidetik kanpo izan duen jarreragatik. Ziurrenik, emakumezkoen tropelak izan duen euskal txirrindulari onena izan da Santesteban; izan ere, azken 15 urteetan nazioarteko onenekin lehiatu da, eta uzta oparoa eskuratu du: Giroan 10. sailkatu zen, eta Tourrean 8. Igandean azkenekoz Laboral Kutxako maillota jantzi zuen, eta omenaldia egin zion tropelak. Amaitu ostean, taldekideek aurreskua eskaini zioten ere: «Eibarren bizi izan nuen ametsa izan zen, azken lasterketa etxean izatea eta etxeko maillotarekin izugarria izan zen».
15 urte eman dituzu goi mailan. Giroa eta Tourra bezalako lasterketetan lehen hamarren artean sailkatu zara. Bada marka polita. Ordea, igandean azken lasterketa korritu zenuen. Beraz, lehenik eta behin, zer moduz zaude?
Bizitza berrira ohitu behar naiz. Azkenean urte asko dira bizikleta gainean errutina berdina egiten. Goiz esnatu, entrenamenduaren arabera gauza bat edo beste gosaldu... orduan gauzatxo horiek aldatu beharko ditut hurrengo egunetan, baino pixkanaka.
Emozioz beteriko egunak izan dira, ezta?
Bai. Emozio asko izan ditut azken egunetan. Igandeko egun hori nire bizitzako egunik politenetako bat izan zen, sorpresaz beterik. Suposatzen nuen egun polita izango zela, baino baina igande horretan bizitakoa izugarria izan zen.
Eibarren egin zenuen azken lasterketa etxean, eta taldekideek zein tropelak omenaldia egin zizuten. Eta amaitzerakoan, Usoa Ostolazak, Idoia Erasok eta Naia Amondarainek aurreskua eskaini zizuten ere bai. Zer aho zapore utzi dizu azken lasterketa horrek?
Amets bat bete nuen. Txikitatik nire ibilbideari amaiera emateko azken lasterketa etxeko talde batean eta etxeko lasterketa batean korritu nahi nuela argi nuen. Bizitakoa izugarria izan zen. Zerbait espero banuen ere, horrelako omenaldia ez zegoen nire buruan. Oso polita izan zen.

Omenaldi hori gutxi ez, tropeletik hamaika keinu ere jaso dituzu. Bi izen aipatu nahi dizkizut: Mavi Garcia eta Urška Žigart. Taldekide, lehiakide eta lagun izan dituzu.
Mavirekin urte asko pasa ditut tropelean, ordu asko batera entrenatzen. Gela ere partekatu izan dugu, hortaz, nire laguna dela esan dezaket. Urška Žigartekin hiru urtez egon nintzen, taldekide bat baino gehiago bilakatu zen denbora tarte horretan. Betirako izango dudan laguna da.
Etxetik urrun hainbesteko denbora igarota, ezinbestekoak izango dira horrelako harremanak ezta?
Harreman horiek oso garrantzitsuak dira, noski. Izan ere, denbora asko libre izanda ezinbestekoa da harerman ona izatea.
Bi urte igaro dira etxera itzuli zinenetik edo etxeko taldera bueltatu zinenetik. Hiru urterako kontratua sinatu zenuen, ordea, bi urte ondoren utzi duzu. Ez dira bi urte errazak izan, ezta?
Batez ere lehenengo urtea oso gogorra izan zen. 2023an sekulako urtea egin nuen, Giroan hamargarren bukatu nuen eta Frantziako Tourrean zortzigarren sailkapen orokorrean. Oso urte polita izan zen, eta ondotik etxeko taldera bueltatzea erabaki nuen. Itzultzean gaixotasun bat diagnostikatu zidaten: endometriosia. Hasiera batean min handiarekin nenbilen, sentsazio oso txarrekin. Diagnostikoa izan arte oso gogorra izan zen, mina nondik zetorren ez nekielako. Endometriosia betirako izango dut, baina mina kudeatzen ikasi dut. Esan dezakegu goi mailako kirola ez dela hain osasuntsua, mentalki oso gogorra da.
Laboral Kutxarekin sinatzean, zer amestu zenuen?
Hastapenetatik gertutik jarraitu izan du taldearen ibilbidea. Sinatzean beste bultzada bat ematea zen helburua, eta hein handi batean bete dugula uste dut. Adibidez, Usoa Ostolazak sekulako maila eman du, eta bide horretan jarraituko du, ziur.
«11 urte eman ditut etxetik urrun eta etxera itzultzea oso polita izan da. Euskadiko maillota mundutik erakustea sentsazio bikaina da»
Hainbeste urteren buruan, nolakoa izan da etxeko taldeko maillotarekin berriz ere ibiltzea?
Oso berezia. 11 urte eman ditut etxetik urrun eta etxera itzultzea oso polita izan da. Euskadiko maillota mundutik erakustea sentsazio bikaina da.
Zure ibilbideari so egingo diogu jarraian, Debabarrenan eta Bizkaia Durangon ekin zenion zure ibilbideari, eta bertan lortu zenuen ibilbide profesionaleko garaipena, 2013ko Espainiako Txapelketa irabaziz. Memoria ariketa egitea proposatuko dizut, zer oroitzapen dituzu hasiera urte haietatik?
Oroitzapen oso politak. Hasierako urte horietatik lagun asko ditut oraindik ere, Leire Olaberria, esaterako. Lehen Giroa edo Flandriako Tourra egin nituen urte horietan, beraz, oso eskertuta nago.
Nazioarteko taldeetan ere ibilbidea egin duzu, Italiako Ale Cipollini taldean, Alemaniako WNT taldean eta Australiako Jayco taldean, besteak beste. 2024an itzuli zinen Laboral Kutxara taldeari emaitzak eta esperientziak eskaintzeko helburuarekin. Erreferente izan zara neska gazte askorentzat. Bada hori akaso garaipen handiena?
Bai, noski. Aurreko astean agur gutuna idazte ari nintzela garaipen handirik ez dudala konturatu nintzen, baino hori baino garrantzitsuagoa da irabazi izan dudan errespetua eta neska gazteentzat erreferente izatea. Oso maitatua sentitu naiz eta hori da garaipen politena.
«Txikia nintzenetik txirrindula bat izan dut alboan, eta horrela segitzeko asmoa dut»
Ametsen bat utzi duzu bete gabe?
2024ko Olinpiar Jokoetan egon ez izanak pena ematen dit, hori baita kirolari guztion ametsa. Dena den, Rioko Olinpiar Jokoetan bizitakoa betirako gordeko dut; eta, gainera, niretzat Tokioko Joko Olinpikoak dira nire ibilbidearen unerik goxoena.
Zer egingo duzu etorkizun hurbilean?
Txirrindularitzaren munduan jarraitzeko asmoa badut ere, oraindik ez dut hausnarketa hori egiteko denborarik izan. Izan ere, txikia nintzenetik txirrindula bat izan dut alboan, eta horrela segitzeko asmoa dut.



