Zuzenean
«Orain erraten da hordiagatik mozkorturik. Eta guztia heldu da ongi, ezi nola burua kentzea arbola bati deitzen baita mozkortzea, hala hordia da mozkor bururik gabe». Joaquin Lizarraga Elkanokoak idatzi zituen hitzok zuhaitz lepatuen inguruan. Izango dira, gutxienik bi mende hartaz. Lepatuek edo ziurrenik Lizarragaren Nafarroa hartan, mugarroak deiturikoek, osatzen dute neurri batean gure paisaia kulturala. Gizakiaren eraginaren lekuko eternalekoak dira hainbat pagadi gurean.
Gizakiaren eraginak aldatu du modua, aldatu dira beharrak, baina egun ere sortzen ditu eraldaketak gure ingurunean, eta baita hainbat erronka ere. Hain zuzen ere erronken inguruan hausnartzeko asmoz sortu dute 'Biodibertsitatea eta etorkizuna: erronka partekatuak' izeneko ekimena Alkizan.
Horrela, 2030 Agendan jasotako helburuei erantzuteko konpromisoa berretsi nahi izan du Udalak. «Pentsatu genuen bazela garaia egiten dugunaren inguruan hausnartzeko eta jendearekin elkarbanatzeko, horren karira sortu zen jardunaldiaren ideia» esan digu Iñaki Irazabalbeitia herriko alkateak.
Jardunaldiak naturan interesa duen edonorentzat zuzenduta daude. «Urte asko daramatzagu esparru honetan, baina argi daukagu gaia gizarteratzea dela gure asmo nagusia» kontatu digu Edurne Ayuso Alkizako Udaleko Kultura Teknikariak.
Aitziber Sarobe biologoarekin hitz egiteko tartetxo bat izan dugu baita ere. «Babestu gabeko balio handiko natur eremuak ditugu» dio Sarobek.
Luze eta zabal aritu gara gaiaz Bigarren Kafean.


