Zuzenean
«Zaila baina aldi berean erraza izan da taldekideen aldaketarena»
Beren bideko hirugarren lana kaleratu berri du Nhil Aretxabaletako taldeak, ‘Etxea’ deiturikoa. Apustu handia egin dute oraingoan, La Casa Murada estudiora joan baitira beren lana grabatzera. Zazpi kantu landu dituzte eta lehengo eta oraingo taldekideek elkarrekin grabatu dute diskoa.
«Zaila baina aldi berean erraza izan da taldekideen aldaketarena»

Zer moduz zaudete?
Sara Alonso: Ondo.
Peio Uribetxeberria: Gogotsu, diskoaren aurkezpena egin atarian gaude eta gogotsu jendeari aurkezteko.
Askotan zailena diskoa ateratzea bera izaten da, ezta?
S.A.: Diskoa ateratzea eta aurretik dagoen prestaketa guztia. Nahikoa intentsoa izaten da, baina nik uste dut patxadaz ere hartu dugula aldi berean.
Zuen denborak errespetatu dituzuela nabaria da eta hori garrantzitsua izaten da musikan. Izan ere, hasi lan hau sortzen, noiz hasi zineten? Prozesu luzea izan da?
S.A.: Bada, niri kosta egiten zait esatea noiz abiatu ginen honekin. Duela bi urte izan zen. Elizondoko borda batetara joan ginen kanta batzuk ontzera eta han garatu genituen ideia gehienak. Gero diskorako zer bai eta zer ez aukeratzea izan da lanik handiena.
Egonaldi modukoak egitea tendentzia bihurtzen ari da musikariengan edo nire irudipena da?
S.A.: Ez dakit hala den edo ez. Gure kasuan Aseli (Errasti, bateria-jotzailea) bururatu zitzaion zerbait da, Bananas taldeak ere itxuraz halako zerbait egin zuela-eta. Entseatzerako garaian beti izan gara topera jardutekoak. Geratzen garenean hartu, eguna osorik baliatu eta behar den denbora eskaini izan diogu beti, hortaz, aukera hauek oso interesgarriak direla iruditzen zait proiektuan barruraino sartzeko. Garai hartan Pello oraindik ez zegoen taldean.
Martxan dagoen proiektu batean sartzea, egonaldi bat egin dutenaren jakitun, nolakoa da?
P.U.: Iazko urria hasieran esan zidaten Lia Garaik eta Beñat Arrietak taldea uzteko erabakia hartu zutela eta ordezkoen bila zebiltzala. Ordurako ideia nagusiak eginda eta demoak grabatuta zituzten, eta orduan iritsi nintzen ni. Diskorako erabaki zuten bi gitarristok, Beñat eta biok, egotea eta saxofoiarekin berdin, Lia eta Irene Ruiz de Austri egon dira grabaketan. Erdibide moduko batean sartu nintzen baina denok batera osatu dugu lana. Ahal dugun moduan egin dugu ekarpena, baina polita izan da trantsizio hori lehenengo pertsonan bizi ahal izatea. Irenek kantu bat ere egin du diskorako.
Zuri, Sara, zer pentsarazten dizu kantuak sortu ostean bi musikari gutxiagorekin defendatu behar izateak?
S.A.: Kolpea handia da. Proiektua bera ere zalantzan jartzen duzu. Nabaritzen genuen Nhilen kantu berriek bazutela zerbait desberdina aurreko aldietan landu ez genuena. Pena ematen zigun taldea gisa horretara uzteak. Baina argi genuen segi nahi genuela eta Peio herrikoa da, beti ikusi dugu gitarra jotzen eta oso argi izan genuen berak behar zuela izan taldean. Bere baiezkoa soilik falta zitzaigun eta horrek ere tentsioa sortzen zigun. Irene ere aurreko biran Liaren ordezko moduan ibili izan zen tarte batez eta, orduan, zaila baina erreza izan da aldi berean taldekideen aldaketarena. Trantsizio natural bat izan da eta Santi Quishpek grabatzerakoan esan zigun oso talde gutxik hartzen duela halako erabakia eta horri balio handia ematen ziola.
Diskoan sartuta, soinuari erreperatuz gero, lehen abestian kontrasteekin jolastu duzuela dirudi, bai behintzat lehen abestian. Elementu batzuk oihartzun handiarekin entzuten dira eta beste batzuk berriz lehor-lehor.
P.U.: Kantu honetan bai erreberberazio horrek ematen diela hainbat elementuri pisu bat, epikoagoa bezala egiten dutela kantua eta gainerako abestietan lehorrago-edo daudela. Gitarraren soloan nabarituko zen akaso hori gehien, efektuekin epikotasun hori eman diogulako. Hori esango nuke abesti hau entzun ostean.
S.A.: Entseatzen jotzen genuenetik hartzen zuen epikotasun hori eta, orduan, nik uste Santik nahasketa egiterakoan ere hori bultzatu duela. Oso pozik geratu gara.
P.U.: Santi bera izan da abestiari eskatzen ziona ematen saiatu dena eta bera izan da nahasketetan kantu bakoitzaren diferentziak markatu dituena.
Grabatu atalka grabatu duzue edota denek batera?
P.U.: Bateria, baxua, pianoa eta bi gitarrak grabatu genituen lehendabizi, dena batera. Gero haize sekzioa bere aldetik, denak elkarrekin hauek ere. Eta, bukatzeko, ahotsak.
Elkarri begira, beraz. Klaketarrekin edo gabe?
P.U.: Klaketarekin, beti.
S.A.: Gainera orain arte eduki ez dugun zerbait eduki dugu eskura estudioan. Gailu bat zen, zeinarekin guk gure gustuko nahasketa egiten genuen grabatzerako garaian nahi genuena entzuteko, izugarria.
P.U.: Nik banuen beldur berezi bat denak elkarrekin grabatzerakoan, ze kontua da huts eginez gero, hartualdia osorik egin behar zela berriro. Hau da, baten hutsak gainerakoen lana baldintzatzen zuela. Horrek beldur puntu bat sortzen zidan, baina, gero, lehen kantuan tentsioa askatu eta oso ongi joan zela guztia. Kantu bakoitzean asko jota bost hartualdi egin genituen. Banan-bana grabatu izan bagenu, akaso perfektuago geratuko zen, baina ez zuen izango lortu dugun nortasun hori.
Gainera La Casa Murada toki berezia da, ezta?
S.A.: Toki oso oso berezia da, gu flipatuta geratzen ginen. Heldu ginenean gaueko hamarrak edo hamaikak izango ziren. Hara heldu eta sartzen zaren atea estudiokoa da. Hau da, etxera sartzeko estudiotik pasa behar zara. Masia bat da. Hortaz, bertan sartu orduko txoratzen ibili ginen, zeuden gauzak ikusi, ukitu… Ume txiki batzuen moduan.
Denak elkarrekin grabatu duzuela kontuan izanda, ez dakit gero soinua aldatzerakoan egon den tarte handiegirik horretarako. Hau da, berriz anplifikatu eta halakorik egin ote duzuen…
S.A.: Soinuen aukeraketa lehendik zegoen eginda eta dena jotzen ari ginen bitartean aldatzen genuen, kontzertu batean bagina bezala.
P.U.: Aurretik soinuak pentsatuta zeuden, bakoitzak bere aldetik landuta eta gero hango elementuak baliatu genituen. Esaterako, sekulako pianoa dute bertan. Horrez gainera, Santik baterian elementuak kokatzen, afinatzen, gitarraren tonoetan laguntzen… ibili zen. Lehen abestia grabatu aurretik findu genuen guztia eta gero dena aurrera joan zen.
S.A.: Berak txekeo orokor bat egiten du lehendabizi. Hortaz, elementu bakoitzaren fintasuna bilatzen zuen eta dena doitu. Baina dena guk eraman genuen aurretik landuta.
Alejandro Famosek egin du diskoaren diseinua eta atentzioa eman dit apunteak hartuta bezala daudela. Apunte horietatik abiatzen dira kantuen hitzak? Edota osteko gogoetak dira?
S.A.: Geroko gogoetak dira. Kantak idatzita zeuden, eta bakoitzak iradokitzen diguna da eskuizkribu horietan idatzita dagoena. Bakoitza taldekide batek idatzi du, gainera.
Fisikoan kaleratuko duzue, beraz.
P.U.: Bai, lehenengo kontzertutik edukiko ditugu saltzeko eta sarean ere jarriko dugu diskoa eskuratzeko aukera. Bai CDan eta baita biniloan ere.
Spotifyn ez, erabaki kontziente baten ondorioz.
S.A.: Hori da. Eta nahikoa aurretik pentsatutakoa. Badakigu zer egoera dagoen nazioartean, badakigu ezin garela gu isilik geratu. Musikariak garen heinean, bozgorailu bat dugun neurrian, hau izan da gure apustua. Ez dugu Israelen genozidioak jarraitzerik nahi eta ez genuke nahi jendeak hori sustatzen dutenei bultzadarik ematea. Hortaz, hau da gauzetako bat.
Etxean lehen kontzertua.
S.A.: Bai, eta datorrenak urriaren 5ean Oñatin eta 24an Tabakaleran izango dira.




