Zuzenean

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Ane Olaeta
Lointek Gernika taldeko jokalaria

«Irabazi edo galdu, partida bat amaitu eta gero, egin dugun lanarekin ondo sentitzea nahi dut»

Ane Olaeta (Gernika, 2000) aberastuta eta bizitzako ikasgaiaz jabetuta itzuli zen iaz Gernikara, saskibaloian aritu ostean, AEBn lehenbizi eta Lugon ondoren. «Etxean bezala ez zaude inon», adierazi du jokalari bizkaitarrak, gaur Malosten jokatuko duten partida garrantzitsuaren atarikoan.

Audio_placeholder

«Irabazi edo galdu, partida bat amaitu eta gero, egin dugun lanarekin ondo sentitzea nahi dut»

Loading player...
Ane Olaeta, Gernikako entrenatzaile eta presidentearen tartean.
Ane Olaeta, Gernikako entrenatzaile eta presidentearen tartean. (Oskar MATXIN)

Errenta nabarmena du Gernikak asteazken honetan Malosten (20.30), PAS Giannina taldearen aurka, jokatuko duen itzuliko partidarako: 33 puntu (57-90 irabazi zuten bizkaitarrek joaneko lehian). Hala ere, lana biribildu behar da, iaz ez bezala, Eurocup-eko multzo fasera sailkatu ahal izateko.

Nola hartzen du talde batek gaurko partida?

Guretzat partida garrantzitsu bat da, Eurocup-era joateko sarrera ematen digulako. Gainera, lehenengo kontaktua izango da Malosten gure zaleekin.

Iaz taldeak ez zuen multzo faserako sailkapena lortu, eta aurten gonbidatu gisa arituko zarete. Urteko helburu garrantzitsuenetakoa al da?

Beti ditugu helburu batzuk gure buruan. Egia da ez dugula helburuei buruz hitz egin, ez diogulako gure buruari muga hori jarri. Beraz, ahalik ondoena egin, bakoitzak ahal duen guztia eta gehiago eman dezala partida eta entrenamenduetan, eta gero taldea doan lekuraino disfrutatu dezagun. Niretzat, pertsonalki, Eurocup hau lehenengoa da eta esperientzia oso berezia izango da.

Aurretik taldeak izan zuen aukera Europan ibiltzeko. Urtebeteko atseden honen ostean, taldea indarberrituta nabaritzen al duzu?

Taldea oso ezberdina da iaztik hona. Aurpegi berri asko daude. Talde gaztea gara oraindik. Denok dugu poztasun hori Eurocup jokatzeko, eta disfrutatu egin behar dugu bideaz, eta hobetzen joan denboraldi guztirako.

Liga hasiera ez da oso urrun. Zer moduz joan da denboraldiaurrea eta nola egokitu dira jokalari berriak taldera?

Egokitzapen horrek denbora apur bat behar du. Egia da lesio batzuk izan ditugula, baina uste dut pixkanaka bagoazela konexio hori edukitzen. Partida batzuk jokatu ditugu jada.

Cameron Williams da lesionaturiko jokalari horietako bat, Akiles tendoia hautsita.

Uste genuen orkatila zela, baina hori baino lesio larriagoa izan da. Pena bat da. Azkenean halakoak pasatzen dira saskibaloian eta bestelako kiroletan. Aurrera egin behar dugu.

Ligan, iaz bederatzigarren amaitu zenuten. Aurten non egon behar du Gernikak?

Azken urteetan Liga oso parekatuta egon da. Azkenak lehengoari irabazi ahal dio. Maila oso parekatuta egongo da, talde oso gogorrak egongo dira. Partida bat galdu edo irabazi, amaieran kontzientzia lasai izan nahi dut, dena eman dudalako; niretzat nahikoa da. Egia da batzuetan irabazi nahi duzula, dena ematen duzula eta ez dela nahikoa. Baina nik nahi dut gure taldea, partida bat amaitu eta gero, egin dugun lanarekin ondo sentitzea.

Alor pertsonalean, denbora bat eman duzu Estatu Batuetan, eta iaz etxera bueltatu zinen. Gustura al zaude?

Bai. Etxean bezala ez zaude inon. Oso pozik nago etxean egoteagatik. Niretzat Maloste beti izan da nire etxea. Sentimendu berezi bat da niretzat.

Zer ikasi duzu atzerrian eta zertan balio izan dizu ikasitako guztiak?

Ameriketan, saskibaloiaz baino, bizitzaz ikasi nuen gehiago. Han bakarrik egon nintzen, familia gabe... Egoera batzuetan bakarrik aurkitzen zara, eta zulo horretatik azkenean zuk irten behar duzu. Horretan asko lagundu zidan gauzak gaizki doazenean denbora behar duzula hortik irteteko, ez dela egun batetik bestera aldaketa sortuko. Gauza txarretatik onak ere atera dira. Zulo horretatik eguzki pixka bat ikusten duzu.

Helburu pertsonalik jartzen al diozu zure buruari?

Garai batean disfrutatzeari utzi nion, eta ordutik beti izan da nire helburua disfrutatzea, ahalik ondoena egitea eta amaitutakoan esatea: 'Egin nezakeen guztia egin dut'.

Noiz utzi zenion saskibaloiaz gozatzeari?

AEBtik itzuli nintzenean, zulo batean sartu nintzen. Lugon egon nintzenean, ez nuen ez familiarik ez lagunik; nire bizitza osoa saskibaloiari buruz zen, eta azkenean hainbeste presio sartzen nion nire buruari, esan bainuen: 'Hau bada nire bizitza profesionala, nik ezin dut egin!'. Malostera bueltatu eta gogoratu zergatik jokatzen nuen saskibaloian: disfrutatzen dudalako; horregatik bueltatu nintzen etxera. Hori zen nire ideia nagusietako bat.

Jaurlaritza Logoa