Zuzenean

Bigarren Kafea

«Jone ez dago bakarrik, sare bat dauka, eta konpartsek sare hori ondo islatzen dute»

Sekulako harrera izan du Sara Fantovaren lehen film luzeak. Atzo estreinatu zen Zinemaldian 'Jone, Batzuetan', Bilboko Aste Nagusian grabatutako pelikula. 

Audio_placeholder

«Jone ez dago bakarrik, sare bat dauka, eta konpartsek sare hori ondo islatzen dute»

Loading player...

Zinemaldiak, urtero, donostiartu egiten gaitu. Pelikula bat ikusi Antzoki Zaharrean, eta Parte Zaharretik pintxoren bat jan Victoria Eugenian beste bat ikusi aurretik. Zurriolako hondartzatik paseatu izozki bat janez, eta Moneoren kuboei begira jarri, pentsatuz nor izango ote den alfonbra gorritik dabilen izarra. Gerturatu, ahal den guztia, Kursaal pareko hesi zuriek uzten dizutenera arte, eta irribarre keinu bat egin, hesi horiei Kontxako barandako ikurra jarri dielako norbaitek. 

Eta elementu hauek guztiak eduki arren, donostiartasunak maila gorena jo arren, atzo Bilbon egon ginen. Bilboko festetan, Aste Nagusian, Marijaiarekin, txupinazoan, Konpartsetan… Horixe baita 'Jone, Batzuetan' filmaren elementu nagusietako bat: Bilbo. 'Jone, Batzuetan' ez litzakeelako 'Jone Batzuetan' izango ez balitz Bilbon grabatu. 

20 urteko Jone aitarekin eta Marta ahizpa txikiarekin bizi da. Aitak lana utzi behar izan du bere parkinsonaren ondorioengatik. Kanpoan, festa, mozkorraldiak, muxuak. Barruan, zaintzaile rola, kezkak eta beldurra. Kaskagorrira joan zaitezkeelako bai, baina Asterixen edabe magikoak ez dituelako gaitz guztiak sendatzen.

«Argi genuen Bilbon egin nahi genuela» esan digu Sara Fantova zuzendariak. Horrela, Aste Nagusira eraman gaitu, Aiora Renteriaren pregoia abiapuntu hartuta. «Uste dut zorte handia eduki genuela Aioraren pregoiarekin, kasualitatez pelikulan hitz egin nahi genuenarekin bat egiten zuen». Hiriak hizkuntzan ere eragina izan du. «Banekien Bilbon egiten bagenuen pelikula, ele bitan izan behar zela, Bilboko errealitatea elebiduna delako» kontatu digu.

Oso gai potoloa dakar pelikulak, azken borondateena. «Argi daukagun gauza bakarra hilko garela da, baina horren inguruan hitz egiteak beldurra ematen digu» dio Fantovak. 

Luze eta zabal aritu gara Sara Fantova zuzendariarekin Bigarren Kafean. 

 

Jaurlaritza Logoa