Zuzenean
«Enpresak nahi edo ahal duena egiten du Caparroson eta inor ez dago hor ikuskatzeko»
Valle de Odieta SCL enpresak Caparroson esnearen ekoizpen intentsiboko makroetxaldea ezarri zuen 2009an eta, geroztik, tira-bira ugariko etxaldea izan da. Isuri kutsakorren harira epaitu berri dute. Akusazio herritarra gidatu dute Greanpeaceek eta Sustrai Erakuntzak.
«Enpresak nahi edo ahal duena egiten du Caparroson eta inor ez dago hor ikuskatzeko»

2021eko otsailean purinekin ureztatzeagatik epailearen aurrean eseriarazi dute Valle de Odieta SCL enpresaren zuzendaritza. Nekazal sailak purinez ureztatzearen ondorioz Kontserbazio Bereziko eremu diren Arga eta Aragoi ibaietara heldu zen isuriaren eraginez. Lorea Flores Greenpeaceko ordezkariarekin bildu gara Sustrai Erakuntzarekin batera egin duten herri akusazioaz hitz egiteko.
Caparrosoko eredua zalantzan jartzekoa da. 3.450 behi heldu eta ordezkapenerako 2.920 txahal hartzeko baimenarekin zabaldu zuten eta, orain, nafar gobernuak ingurumen-inpaktuen ebaluazio positiboa eman dio, 7.900 behi izatera arte handitzeko baimena emanez.
Kopuru handiak dira eta intentsiboan, gainera.
Aspaldi gabiltza horrelako abeltzaintza industriala den eredua jarraitzen duten etxaldeen aurka sortzen dituzten ingurumen inpaktuengatik; airearen kutsadura, urarena, maila globalean animalia horiek bazkatzeak dituen eraginak... , batez ere, Hego Amerikatik ekartzen den sojagatik eta ematen den deforestazioagatik. Valle de Odieta jomuga-irudi bilakatu da Caparrosoko etxaldeagatik eta Noviercasen (Soria) eraiki nahi zuen 23.000 behiko makroetxalde intentsiboengatik.
Halako enpresa batek dituen arriskuak salatu dituzue. Zer nolako konfrontazioa izan duzue?
Caparrosokoa Europako handienetakoa da eta Noviercasekoak aurrera egingo izan balu Europako handiena izango litzateke. Nahiz eta jatorriz familia enpresa bat izan, botere handia lortu du. Oraingo honetan epaiketa egitea lortu dugu baina lehenago ere beste hainbeste zigor espediente izan dituzte baina den-denari helegitea jartzen diote. Horrek erakusten du zenbaterainoko ahalmena duten lege-hauste horien aurrean beren burua babesteko.
Epaiketaren zer balorazio egiten duzue?
Lehen egunean aditu eta lekukoek deklaratu zuten eta hor bi ondorio nagusi atera genituen: batetik, egindako ingurumen kaltea ukaezina dela eta hala adierazten dutela basozainek, Foruzaingoak eta guardia zibilek egindako laginketetan eta; bestetik, lotura zuzena zutela isuriek Valle de Odietak kudeatzen dituen lur eremuekin. Erraterako, naturara isurtzeko zero isuri legea dago eta hartu ziren ur laginetan araztegietara isuri ahal izateko legeak ezartzen dituen mugak hamar aldiz gainditzen zituzten hainbat kutsatzailetan.
Bigarren egunean, ordea, defentsa eta akusatuek deklaratu zuten eta saiatu ziren hainbat trikimailurekin informazioa nahasten, lekukoen esanei kontra egiten eta abar. Ikusiko dugu epaileak zer ebazten duen.
Noizko espero duzue epaia?
Ez dakigu, hilabetetako kontua izan daiteke.
Araudiak eta ingurumen babesak egonda, nola da posible horrelako praktika bat gertatu ahal izatea? Ohiko praktikak dira?
Hor bi kontu daude. Batetik, kontua da enpresa honek hainbeste behi izanik, sekulako minga edo purin pila sortzen duela, gero HCN enpresak tratatzen duena metanoa kentzeko; baina gainontzeko nitrogeno, fosforo eta abarrak hor geratzen dira. Beraz, kudeatzeko zailak diren hondakin organiko horien sekulako kopuruak dituzte.
Teorian enpresak badu plan bat esaten duena nola itzuli lurrera edo zer egin hondakin horiekin. Jakina, horrek dakarrena da sekulako kostu ekonomikoa. Beraz, enpresarentzat zer da errazagoa? Egunean ehunka kamioi izatea hondakin hori ateratzeko edo purina euren ureztatze sisteman sartzea? Enpresak zioen 2013an Nafarroako Gobernuak eman ziela baimen bat froga bat egiteko, baina hori froga zehatz bat zen lur konkretu batzuetan.
Bertzetik, eta epaiketan argi geratu dena da, Nafarroako Gobernuak ez duela nahikoa egin. Baditu lege batzuk, ezartzen ditu betebehar batzuk, baina, ondoren, ez dago inspekzio edo kontrolik. Enpresak nahi edo ahal duena egiten du eta inor ez dago hor aztertzeko ongi egiten ari dela.



