Zuzenean

Dantzarako musika oinarritzat hartu eta nostalgia eta maitasun istorioak erregai gisara erabilita, hamabi kantu sortu ditu AimarZ musikariak bere ‘Z’ estreinako lan luzerako. Familiari tarte garrantzitsua eskainiaz hasten da diskoa, ‘Intro’ kantuan amaren ahots mezu bat eta IratiZ arreba kantatzen entzun baititzakegu. Epika eta amorrua nahasiz hasten da lana.
Disko hau sortzerakoan «kontatzen den guztia erabat benetakoa dela» esan digu AimarZ-k, hitzetan jasotakoa bere azalean bizitakoa dela, alegia. ‘AAA’ abestian erlazio baten bukaerari buruz hizketan ari zaigu zumarragarra eta instrumentalak eta duen abesteko moduak erabat nostalgiko jartzen gaitu. Hyperpop unibertsora gerturatzen gaitu ‘Zenbatalditan’ kantuarekin, zatitutako soinu pila bat txertatu ditu bertan, baita kanpaitxo jostari batzuk ere. Hori bai, mezua argia da: erasotuak izan diren horiei babesa ematen dio kantu honekin AimarZ-k.
Drilla, lo-fi sintetizadoreak, hip-hopa… halako nahasketa bitxi bat egin du ‘Denada’ kantuan, baina «abestiak ez dira genero batean kokatzeko modukoak» AimarZ-ren aburuz. Funk brasildarraren erritmoan, Eusko Princessen unibertsora eraman du ‘Janguea’ eta harekin kolaboratu abestian, sentsualitatea nagusi. Elektrolatinora egiten dugu salto ‘Unveranoazul / Udaraurdinbat’ abestian.
Marinba, kongak, latin musikako piano… halako kontuak ageri dira Anixerekin batera egindako ‘Ze’ reggaetoi abestian. Maitasun kontuetako beste ertz bati heltzen dio gainera: «Zu burutik kendu arte edo gorputzak iraun bitartean». Mezu zuzena eta askok bere baitan bizi izandakoa. Izan ere, gai nahikoa unibertsalak aukeratu ditu AimarZ-k abestietarako.
‘Eezezagunak’ kantuan berriz ere hyperpop mundura garamatza eta ‘Entzun dezatela’ kantuan reggaetoi ilun batetara. Haza eta Malakiasekin elkarlanean sortu du ‘Ozteguna’, berriz ere parranda eta ligoteo mundu batetara eramaten gaituelarik, maitasunaren minak gainditu osteko une batetan.
‘Puta nostalgia’ kantua oso berezia da, estilo nahasketa handia duena, eta hitzetan gertatu ez diren bizipenen nostalgiaz hitz egiten digu, distopia bat sortzen du AimarZ-k. ‘Urte berri bat’-ekin ixten da diskoa, Salamanca atzera utzi eta bere bizitza fase berri batean sartzen den unea irudikatuz nolabait ere. Aiert oñatiarra izan du abesten hemen eta ahotsen arteko kontraste dotorea sortu dute.
Zelai Arizti aretoan aurkeztu zuen diskoa zuzenean AimarZ-k, etxean. Hurrengo emanaldia Portugaleten izango da, Sastraka gaztetxean, urriaren 4an. Bitartean, entzun MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa.



