Zuzenean
«Gizarteari bere garapen kritikoa garatzeko erremintak eskaintzen dizkiogu»
Gizarteak «bere sentitzen dituen aretoak» dira Kursaaleko Kubo eta Tabakalerako Artegunea, bere arduradunen esanetan. Urteurren borobilak dituzte biek eta bilana egin eta aurrera begira jartzeko baliatu du hitzordua Kutxa Fundazioak.
«Gizarteari bere garapen kritikoa garatzeko erremintak eskaintzen dizkiogu»

25 urteko bidea egin du Kutxa Fundazioaren Kubo erakusketa aretoak Kursaalean, eta 10ekoa Arteguneak Tabakaleran. Bisitari kopuru ikusgarria izan dute denbora honetan biek, bi milioitik gora Kuboren kasuan eta 600.000tik gora Artegunean. Artea ondasun kolektibo bihurtzeko bitartekoak direla nabarmendu du Kutxa Fundazioak. Ekimen eta Edukien arduraduna da Ane Abalde Amezaga
Datuak ez dira halabeharrez arrakastaren adierazle, baina proiektu baten eragina neurtzeko balio dute, Kuboaren eta Artegunearen kasuan ikusgarriak dira…
Bai, zifrak irakurtzerakoan beti egin daitezke analisi ezberdinak, baina egia da datuek erakusten dutela publikoak bi eremu hauek bereak bezala ikusten dituela, bere etxea balira bezala, eta askotan etortzen direla erakusketak ikustera.
Azken urteetan joera ona izan da bisitari kopuruari dagokionez?
Bai. Orain udara honetan ditugun bi erakusketetan, Maria Cuetorena eta Tina Barneyrena, egunean 500 bat pertsona ekartzen dituzte eta guretzat oso adierazgarria da, egia baita ez direla oso artista famatuak eta nik uste dut ahoz ahoko informazioaren eskutik datorrela jendea eta hori oso pozgarria da.
«Gure espazioak esperimentatzeko eremu bat dira, artistek esateko dutena bertan erakusteko modu bat»
Urteurrenak atzera begira jartzeko garaiak ere izaten dira, bi espazio horietan izan diren artisten zerrenda ikusgarria da …
Bai, beti esaten dugu bi aretotan horrelako oreka bat lortzen saiatzen garela. Alde batetik, izen handien artelanak eta prozesuak ikusteko aukera ematen dugu, baina baita hemengoak ikusgai izateko aukera ere; gure espazioak izaten dira esperimentatzeko eremu bat eta beraiek esateko dutena ere bertan erakusteko modu bat.
Ez da erraza izango baina eskatuko nizuke nabarmentzeko urte hauetan izandako erakusketa batzuk…
Oso zaila da, bai; ‘zer maite duzu gehiago ama ala aita?’ esatea bezala. Baina, egia esateko kuboaren kasuan aurten eduki dugun Maria Paz Jimenezen erakusketa aipatuko nuke. Asko maite dugu, nik uste baitut gure lan lerro ezberdinak jorratzen dituela, gehienbat izan delako emakume bat artearen historiografian ahaztuta egon dena. Bere garaian Parisen galeria zeukan, bertan bere lanak saltzen zituen, baina gaur egun ez da oso ezaguna. Gure erakusketarekin bere lana plazaratu genuen; ezagutzen zutenek bere lana osotasunean ikusi ahal izan zuten eta ezagutzen ez zutenek pertsona oso interesgarri bat deskubritu ahal izan zuten.
Kutxako Kuboa horren ezagunak ez diren artistak ezagutaratzeko bide izan da, baina hor izan dira Oteiza edo Chillida ere, esaterako. Ezagunen kasuan beste begirada bat ematen saiatu zarete?
Bai eta, adibidez, Jose Antonio Sistiagaren erakusketa egin genuenean ikusi genuen. Oso-oso ezaguna da bere lana, baina guk aurkeztu genuen era eta komisarioak egin zuen irakurketa berria izan ziren, bere lana nola naturatik oso gertu egon den beti eta irakurketa edo tesi hau oso berritzailea zen bere obra ikusterako garaian. Beraz, bai, punta-puntakoak aurkezten ditugu baina beti zerbait gehiago esateko baldin badaukagu.
85 erakusketa izan dira denbora honetan guztian Kuboan, diziplina anitzetakoak…
Bai, gure programazioa urteekin pixka bat moldatzen joan da. Donostian eta Gipuzkoan beste areto batzuk ere sortu dira eta elkarbizitza horrek beti eragiten dizu moldatzea zure eskaintza; baina, bai, gehien bat arte garaikidea jorratu dugu eta XX. mendeko erdialdetik gaur egunerainoakoa, gutxi gora behera.
Arteguneak 10 urte egin ditu, argazkia ardatz, zein izan da bere ekarpena?
Nitxo berri bat ireki dugula uste dut. Pentsatu genuenean hau argazkigintzara eta irudiaren hausnarketara zuzentzea, hainbat arrazoi zeuden, baina erabaki nahiko erraza izan zen. Kutxa Fundazioan baditugu bilduma ezberdinak, arte bildumak, baina oso garrantzitsua da guretzat gure fototeka; beraz, bagenuen argazkigintzarekin lotura handia. Gainera, orain hamar urte hala uste genuen eta orain are gehiago, gure gizarteak inguruan dituen argazki horiek guztiak irakurtzeko erremintak eskaini behar genituela. Uste dut hori izan dela gure lan lerro nagusia.
Urteurrena ospakizun moduan ari zarete oroitzen, pentsatzekoa da, beraz, aurrera begira ere bi eremu hauek rreferentzia garrantzitsu izaten jarraitzea nahi duzuela…
Bai, hori espero dugu eta baita ere gu oso flexibleak izatea eta oso adi egotea zeintzuk diren gure gizartea kezkatzen duten gaiak eta hauek gipuzkoarrei ekartzea gure bi erakusketa aretoetan.
Kutxa Fundazioaren Artebidea plan estrategikoaren parte dira Kuboa eta Artegunea, zein da plan honen helburua?
Egin duguna da orain arte genituen programa batzukekin eta berriekin gizarteari erremintak eskaintzea bere garapen kritikoa garatzeko. Azken batean, gauza berriak erakutsi, irekita egon eta eztabaida baterako gonbidapena luzatzea gizarteari.
Artisten erreferente
Abaldek azpimarratu duen Maria Paz Jimenezen lanaren inguruko erakusketan komisario lanetan Ane Lekuona aritu zen. Historiak ahanzturan utzi duen emakume margolari batengan fokoa jartzeko lana izan zen hura. NAIZi eskainitako adierazpenetan Lekuonak nabarmendu du Kubok halako monografikoak egiteko ematen duen aukera oso garrantzitsua dela. (Irakurri hemen: Maria Paz Jimenez, historiak ahanzturan utzi duen margolaria, Xole Aramendi)
Jesus Mari Lazkanori bere lanari beste begirada batetik heltzeko aukera eman zion 2016an Kubon egin zuen erakusketak. NAIZi adierazi dio artista bergararrak Kuboko salak berak baldintza oso egokiak eskaintzen dituela eta halako aretoek lurralde oso baten erreferentzia kulturala ematen dutela, «guretzako halako salak izatea da kultura jatea, erreferentzia bat oso garrantzitsua».




