Zuzenean

‘Zanbuila I’ eta ‘Zanbuila II’, uretara salto egitea, murgil egitea, hori da ‘Zamalanak’ hau hasteko eta bukatzeko proposatzen digutena Biderbost taldekoek. Gitarra garbi eta atmosferikoak dira diskoa irekitzen duen ‘Zanbuila I’ kantuko protagonista, erritmo konstantea duena, eta sintetizadoreekin giro hori areagotzen da, urpera eramaten gaituztelarik abesti instrumentalarekin.
‘Ahotsa’ deitzen da bigarrena, dugun erreminta indartsuenetako bati eman diote izenburua. Beldur eta gezurrek isiltzen gaituztela iradokitzen dute abestian eta halako kritika bat ere eraikitzen dute gai horren bueltan. Soinu aldetik dena lehortzen da, erabat idorra da, rock klasikoago batetara bideratutako kantua. Gitarrak nagusi eta errepikan koro sotil dotoreak batuz.
Galdera eta asaldura, dena bat, ‘Zer?!’ kantuaren izenburuan. «Egia bakarra sinestezina zen» mantra errepikatzen digute, beste kritika argi batekin. Baxu linea dotorea, distortsio eta guzti, eta abiadura hartzen du abestiak gitarren efektuen erabilera dotoreak lagunduta. Perkusioa ere entzun daiteke, elementu dezente erabili dituzte diskoan, baina denek ere sorpresa efektua eragiten dute, neurrian eta zentzuz sartu dute.
Haize berria behar dugula, haize berriak mugitzen gaituela… hori da ‘Haizearen menpe’ kantuaren nolabaiteko late motiva. Erritmika eta dinamikekin jolastuko dutela nabari zaio abestiari lehen unetik eta ahotsen armonizazioa benetan bikaina egin dute kantu honetarako. ‘Hit the city’, Mark Lanneganen kantua, euskarara ekarri eta ‘Hemen naiz hiri’ sortu dute. Clara Huster izan dute kolaboratzen, kantuan, eta horri, ahotsari, espazio nabaria eman diote abestian.
Urperatzera, ‘Zanbuila II’ kantura, eramaten gaituzte disko bukaeran. Kantu progresiboa da, luzea, instrumentu bakoitzak bere dotorezia erakusten duena. Dotorezia eta ez birtuoso izaera, hori izan baita disko honen alde nabarmenetako bat, teknikoki fin baina ez erotzen ibili dira musikariak. Gozamenerako tartea ere nabarmen ikusten da abestian. Galdera asko egiten dituzte, gogoeta handi batetara eramaten gaituzte, eta norberak ikusiko du uretarako salto horrek zertarako balio duen.
Elkarrizketa osorik entzun daiteke goiko aldean, baina Jurgi Taboadarekin grabatu duten EPa, eta aurrekoa ere bai, azpiko aldean entzun dezakezue, baita beren Bandcamp orrialdean ere.



