Zuzenean

 Ritxi  Aizpuru
Musika argitaratzailea eta ‘Otea lili’ saioko gidaria
Elkarrizketa
Alfonso Guillo
Koska, Alguillo & Alkimistak

«Demokrazia deitzen den hau ekarri zuten, baina nik nire zalantzak ditut»

Alfonso Guillo pasa da aste honetan Otea Lili saiotik. Irakaslea lanbidez, hainbat taldetan aritu da kantuak sortzen, baxua jotzen eta abesten. 

Audio_placeholder

«Demokrazia deitzen den hau ekarri zuten, baina nik nire zalantzak ditut»

Loading player...
Alfonso Guillo NAIZ Irratiko estudio nagusian
Alfonso Guillo NAIZ Irratiko estudio nagusian (NAIZ Irratia)

Alfonso Guillo (Elgoibar 1953, nahiz eta Donostian jaio) irakaslea izan da eta, egun, jubilatuta dago. Talde hauetan jo du: Expresión Sonora (1969-1971), Koska (1974-1985), 1989an Trenbide, gero Aterri (2008-2020), A2an, Alfon eta Gabi, Leok’k. Egun Alguillo eta Alkimistak taldean dihardu. Beti izan da kantu sortzailea, baxu-jotzailea eta abeslaria.

Euskal rockaren harresiaren eraikitzaileetako bat da. Ipar Euskal Herrian Errobi eta Hegoan Koska izan ziren hastapen horretako eragileak. Alfonso Guillo eskertu beharko genuke Koskarekin egin zuen ekarpen historikoa dela medio.

Otea Lili saioan erakutsi du bere nortasunaren patxada hausnarketa biribilak egiteko moduagatik. Lasai eta presarik gabe, irakasgairik eman gabe, modu hezigarrian, euskal kulturaren transmisioaren soka ez dadin eten. Emozio kolektiboen alkimia edo transformazioa lortu nahi du zuzenekoetan jendeari hori helarazteko.

Alfonso Guillok hausnarketa sakonak utzi dizkigu Otea Lili saioan. «Bizitza ez da garratza, bizitzak une garratzak ditu, norbait maitea hil denean, edo norberaren ezinak ez kudeatzean». Esaldi garratzaren adibideetako bat izan daiteke jendeak maiz errepikatzen duena: «Nik zer egin dut hau merezi izateko», eta hori ez du gustuko Guillók, «Bizimodu gero eta erosoaren bilaketan arantzak kentzen ditugu, baina galdera da norberak zer ikasi behar duen egoera horretatik. Arantzarik gabeko bizitzak ez digu hazkundea ematen, arantzak ikasteko aukerak dira».

Beste bi audioari ‘play’ eman aurretik; lehena titularrera eraman duguna: «Demokrazia deitzen den hau ekarri zuten, baina nik nire zalantzak ditut demokrazia honetaz. Informazioaren manipulazioa toki guztietatik dator eta ongi ordaindua dago. Hemen epaileek ez dute funtzionatzen, oreka hankamotz dago». Eta azkena: «Tristura albo batera utzita daukat, nahiz eta noizbehinka desanimoak datozkidan».

Jaurlaritza Logoa