Zuzenean

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Jon Mariezkurrena
Baikoko pilotaria

«Oraindik azken lana falta zaigu aurretik, baina udaran egindako lanarekin oso pozik»

Udako protagonistetako bat izaten ari da Jon Mariezkurrena (Berriozar, 1999). Asteburu honetan CaixaBank Mastersean txapelduna izan da hirugarren aldiz, Gasteizko Andre Maria Zurian ere txapela jantzi zuen, San Fermin torneoan txapeldunorde amaitu zuen... eta orain San Mateo torneoa du xede.

Audio_placeholder

«Oraindik azken lana falta zaigu aurretik, baina udaran egindako lanarekin oso pozik»

Loading player...
Jon Mariezkurrena eta Javi Zabala Caixabank Masterseko txapela irabazi berritan.
Jon Mariezkurrena eta Javi Zabala Caixabank Masterseko txapela irabazi berritan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Jon Mariezkurrenak hirugarrenez jantzi du Caixabank Masterseko txapela, oraingoan Javi Zabalarekin bikotea osatuz. Neguan eskuekin arazoren bat edo beste izan ohi du Baikokoak, baina udan gozo aritzen da berriozargo atzelaria, eta «balorazio oso positiboa» egiten du uda sasoi honetan bildutako uztaz. Orain, San Mateo torneoan ditu begiak jarrita, Larrazabalekin osatuko du bikotea.

Bestetik, oso laguna duen Unai Lasoz galdetuta, Mariezkurrenak azaldu du errekuperazio lanak ondo doazela, «hasiera batean jarritako epeen barruan, nahiz eta oraindik kantxaratzeko denbora falta zaion». Lau t'erdikora iritsiko ote den ez daki nafarrak, baina baikor azaldu da Lasok bere esku dagoen guztia jarriko duela aipatuz.

Beste txapel bat lortu duzu. Hirugarrena CaixaBank Mastersean, Zabalarekin kasu honetan. Pozik egongo zara.

Bai, noski. Sari hauek pixkanaka-pixkanaka eskuratzea denontzat polita da. Gainera, bikotekide ezberdin batekin, Javirekin. Harentzat lehenengo aldia da, eta oso pozik.

Neguan eskuko arazo batzuekin aritu izan zara, baina udan, ematen duenez, horrelakorik ez dago.

Uda beti da errazagoa jokatzeko. Beroarengatik, tenperaturarengatik normalean lesioak, eta batez ere eskuak, hobeto zaintzen ditugu. Aurtengo neguan nahiko ongi pasatu dut, baina aurrekoetan lesio txiki edo batzuetan handixeagoak izan ditut. Udan normalean ondo egoten naiz.

Beraz, uda eta beroa nahiago dituzu?

Eskuentzat, normalean, beroa askoz ere hobea da. Partida dezente jokatzen ditugu, baina partidatik partidara hobeto errekuperatzen zara. Tenperaturak zerikusi handia izaten du. Eta udan txapelketa hain garrantzitsuak ere ez daude, eta horregatik ere izango da ziur aski.

Zer moduz Javi Zabalarekin?

Gorabeherak izan ditugu. Hasieran Peiorekin jokatu nituen bi partida, gero Javirekin lehenengoa oso ondo joan zen Sunbillan; ondoren, beste bi ez hain ongi. Eta behintzat ligaxkako azken partida biribila egin genuen, eta horrek ere konfiantza eman zigun asteburu honetara ongi ailegatzeko. Uste dut asteburuan eman dugun maila altua izan dela.

Zein balorazio egiten duzu?

Oraingoz egindako lanarekin oso pozik. Oraindik azken lana falta zaigu aurretik, San Mateon, eta gogotsu gaude ere. Bilbon izan ezik, partida gehienetan nire maila eman dut. Partida asko jokatu eta, hala ere, maila ona eman dut. Garrantzitsuena eskuetatik ondo egotea da, eta lesiorik ez izatea. Alde horretatik zorte handia izan dut.

San Mateo izango da udako azkena. Gogotsu al zaude?

Noski. Feria luzea da, San Fermin antzekoa. Oso polita izaten da hor ere finala harrapatzea. Horretara aterako gara.

Mikel Urrutikoetxeak pilotari agur esango dio larunbatean, Bilbon. Zer esango zenuke hari buruz?

Mikelekin harreman oso ona izan dut beti. Ez dugu txapelketa handirik elkarrekin jokatu, baina udan maiz tokatu zaigu elkarrekin egotea, eta kontran gehienetan, baina harreman estua daukagu. Mikelen karrera goraipatzekoa da, hainbeste urtetan maila hain altuan ibiltzea. Historiara pasatuko den pilotari bat da. Harekin egongo gara.

Unai Laso zer moduz dabil errekuperazio lanetan?

Azkenaldian, fisikoa egiten, dezentetan kointziditu dugu. Ongi doa, epeak errespetatzen. Baina lesio potolo bat da. Ebakuntza batetik aterata, ez da samurra. Kantxetara bueltatzeko nik uste dut asko falta zaiola. Frontoian entrenatzen hasten denean, ea zer sentsazio eta beldur dituen eta nola erantzuten dion belaunak. Hor egongo da gakoa.

Ideiarik bai Lau eta Erdirako iritsiko ote den?

Bere eskuetan dagoen guztia egingo du. Egunero entrenatzen du eta errehabilitazioa egiten du horretarako. Ziur nago saiatuko dela, baina hori denborak esango du. Espero dugu behintzat, ateratzen denean, ongi ateratzea eta berriz ere ezer txarrik ez izatea.

Jaurlaritza Logoa