Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra
Elkarrizketa
Argitxu Dufau
LAB sindikatuko kidea

«Dirua badago, baina handienen sakeletara doa»

LAB sindikatuak bat egin du intersindikalaren greba deialdiarekin, frantziar Estatuaren aurrekontu politika salatzeko. Argitxu Dufau LAB sindikatuko kideak mobilizazio zabala eskatu du Baionan, eta aldaketa sakona galdegin du: «Sistema bera aldatu behar da».

Audio_placeholder

«Dirua badago, baina handienen sakeletara doa»

Loading player...
Argitxu Dufau
Argitxu Dufau (Guillaume Fauveau | Guillaume Fauveau)

Irailaren 18an, ostegunarekin, intersindikalak greba eta mobilizazio eguna deitu du Baionan eta Ipar Euskal Herrian. Mobilizazioa 10:30ean abiatuko da Santa Ursula plazatik, eta helburua da frantziar Estatuari aurrekontu bidezkoagoak eskatzea, justizia soziala eta fiskala ardatz izango dituzten neurriak galdeginez.

Greba deialdia CFDT, CGT, FO, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek egin dute, eta LABek ere babesa eman dio. Argitxu Dufau LABeko kideak adierazi duenez, deialdi hau ez da soilik lelo orokor baten ingurukoa, baizik eta «aldarrikapen konkretuak ditugu: erretiro duina, zerbitzu publiko sendoak eta langileen bizi baldintza duinak».

Dufauren arabera, egungo politika fiskala «ultra aberatsen mesedetan» oinarritzen da. «Azken zazpi urteetan haien aberastasuna biderkatu dute, bitartean langileen lansariak ez dira hazten. Ez da egia dirurik ez dagoela. Dirua bada, baina badoa handienen sakeletara».

Langileen bizi baldintzak nabarmen okertu direla salatu du Dufauk: «Gure egoitzetara gero eta langile gehiago etortzen dira laneko osasun arazoekin edo erretiro aurreratua eskatzeko. Lan baldintzak okertzen ari dira, eta horrek prekaritatea handitu du».

Greba deialdiaren testuinguruan, azken asteotan Baionan izandako mobilizazio eta blokeo ekintzen ondorioz Poliziaren jarrera salatu du LABek. Dufauk gogor kritikatu du isun gogorrak eta atxiloketak egon direla: «Gure sostengu osoa adierazten diogu isuna jaso duen lagunari. Poliziaren erantzuna neurrigabea izan da, eta kazetari bat ere pusatu zuten mobilizazio egunean».

Bestetik, Euskal Herritik alternatiba propioak eraikitzeko beharra azpimarratu du. «Pariseko erabakiek ez dituzte gure errealitateak islatzen. Ipar Euskal Herrian tresna propioak behar ditugu, bertako langileen baldintzak guk erabakitzeko», esan du Dufauk. Horren harira, urriaren 9rako greba eguna deitu dute Ipar Euskal Herritik bertatik, sektore publikoaren eta medikuntza sozialaren egoera salatzeko.

Jaurlaritza Logoa