Zuzenean

Naiz Homes promotorearekin lotura duen enpresak eraikinak eskuratu zituenetik, bizilagunen egoera zaildu egin da. Salatu dutenez, enpresaren asmoa luxuzko etxebizitzak egitea da, horretarako bizilagunez beteta dauden hiru eraikinak hustu behar dituen arren. Errenta handietarako etxebizitzak egitea du helburu, bertan bizi zirenen eta direnen aukera ekonomikoetatik urrun. Kaltetutako pertsona gehienak adinekoak dira, 69 eta 88 urte bitartekoak, etxe horietan egin dute beren bizitzaren zati handi bat.
Prozesua 2020an hasi zen, Azora funts putreak Inmobiliaria Vascongada erosi zuenean. Harrezkero, etxebizitza gehienak hustu egin dituzte, nahiz eta Azorak alokairuei jarraipena emateko konpromisoa hartu zuen.
Iñigo Caminok, eragindako bizilagunen ordezkariak azaldu duenez, egun hamar besterik ez dira bertan geratzen diren bizilagunak, beste guztiak, kontratua amaitu orduko bota zituztelako. Hala ere, badaude bizi osorako kontratua dutenak, Iñigoren ama besteak beste: «Nire ama 90 urteko emakumea da, 1958tik hor bizi da, eta berak sinatutako kontratua betirako da, bizitza osoa egon daiteke bertan. Orain ordean, Naiz Homek hiru bloke horiek erosi ditu. Oso argi esan digute, hor geratu nahi badute, bi urtez jasan behar izango dituztela obrak eta eraikuntzak. Ia mehatxu moduan izan da».
Alternatibei dagokionean, bi alternatiba eman dizkiete. Alde batetik, diru kopuru bat onartzea, «baina esan dezakegu diru kopuru honekin ezin dela Groseko aparkaleku bat erosi ere egin». Edo, hor barruan geratu orain dagoen bezala, udaletxeak aprobatutako proiektuaren arabera. «Esan digute diru kopuru hori onartu nahi ez badugu, ondorioak onartu beharko ditugula».
Udalarekin izandako hartu emanari dagokionean, EH Bilduri eskerrak eman behar dizkiotela adierazi du Caminok, interesa jarri dutelako, eta disposizio osoa izan dutelako beren eskubideak defendatzeko. Udaleko gobernuari dagokionean, ez dute inolako kontakturik izan. Karta ofizial bat bidali diete bizilagun guztiek sinatutakoa, Naiz Homes enpresarekin hitz egiteko eskatzen, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.


