Zuzenean

Bigarren Kafea

«Ondorioetan pentsatu gabe sortzea gustatzen zait»

Jurgi Ekiza musikaria izan dugu gurean. Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikoetara etorri da, bere gitarra soinean. Izan ere, Argitzala diskoa argitaratu berri du abuztuan. Willis Drummonden etenaldi mugagabea eta gero, argitaratu duen lehen lana.

Audio_placeholder

«Ondorioetan pentsatu gabe sortzea gustatzen zait»

Loading player...

Argitzala lana egiteko, Jurgi Ekizak denbora hartu du musikari soilik eskaintzeko. Hazparne eta Punaauian sortua izan da lana. Haitira joateko denbora hartu baituelako. Kontatu dizkigu bertan bizitakoak. 

Gainera, diskoa argitaratu baina bi aste lehenago, Xak eta Ekiza biran murgilduta egon da. Berezia izan da. 15 eguneko bira bat egin dute Paxkal Irigoyenek eta Jurgik, Euskal Herritik Galiziara belaontzi batean. Kostako geldialdiak eginez kontzertuak eskaintzeko. «Ez genuen asko prestatu, pentsa, kostako herri guztiak aukeratu genituen begiratu gabe ea porturik zuten ala ez». Esperientzia honek, bere buruarekin denbora gehiago eskaini dio. «Bi astez ez dut egunkaririk hartu edo irratirik piztu, Euskal Herrian bertan munduaren beste puntara bidaiatzen ari nintzela sentitu dut».

Azkenik, diskoa argitaratu eta hurrengo aste osoa pasa du berak prestatu duen denda fisiko batean. Jendearen erantzuna jasotzen. «Gauza sinplea zen, dendatxo bat eta erakusketa bat, disko berriaren portada egin duen artistaren artelanekin». Bertan, entzulegoak lana erosteko aukera izan du, eta Jurgi Ekizarekin apur bat hitz egin ahal izateko. «Laborantzan lortu dena, bidezko eta gertuko merkataritzari dagokionez, ez dugu aski aplikatzen kulturara». 

Izango dugu aurrerago, Jurgirekin hurrengo kafe bat hartzeko aukera. 

Jaurlaritza Logoa