Zuzenean

Macronek bosgarren lehen ministroa izendatu du. Orain artean Bayrouren gobernuko defentsa ministro zen Sebastien Lecornuk sortu beharko du gobernu berria.
Kargu aldaketa hau ordea, ez da nahikoa izan herritarren haserrea deuseztatzeko. Faxismoaren gorakadak, justizia sozial faltak, ala krisi ekologikoak, eta nola ez, Macronek 2024. urteko hauteskundeen emaitzei kasurik egin ez izanak, protestak sortu dituzte.
Euskal Herrian, goizeko 6etan hasi dira protestak, Angeluko errepideak eta Dassault lantegia blokeatzeko helburuarekin. Manifestariek errepidea hartu dute, eta poliziak kanporatu egin ditu.
Protesta hauekin bat egin du LAB sindikatuak ere, eta Argitxu Dufau ordezkaria izan dugu NAIZ Irratian. Goizean zehar ICI Euskal Herria Irratiak jakitera eman duenez, pertsona bat atxilotu du goizean poliziak, eta LABetik poliziaren bortizkeria salatu nahi izan dute. «Baliatzen dut zuenean izatea, salatzeko argiki, poliziaren bortizkeria, blokeaketa hasi denetik hasi dira probokatzen eta jendea miatzen. Eta azpimarratu nahi nuen poliziak kazetarien lana oztopatu duela goizean».
Lehen ministro aldaketa honek arazorik konponduko ez duela argi dute. «Haserre soziala jada badago, eta ez da ministro baten arazoa, azken hamarkada hauetan eginak izan diren hautu politikoak eta gobernatzeko hautuak salatzen dira eta aldarrikapenetan justizia soziala eta fiskala eskatzen da».
Gatazka honen elementu nabarmenetako bat bada, 44 mila milioi euroko murrizketak izango lituzken aurrekontua, baina baita ere murrizketa hori iragarri baino lehenago, uztailean iragarri zen gastu militarraren goratzea. “Parisko Maskarada Politiko” izendatu du gertatzen ari dena Argitxuk: «Guk deitzen diogu honi, Pariseko Maskarada Politikoak, arazoa ez da pertsona batena, da ze hautu politiko egiten diren».
Frantses estatua munduko 7. herrialde aberatsena dela aipatu du Argitxuk. Eta beraz, aberats gutxi eta pobre geroz eta gehiago daudela. Horren aurrean argi dute zein den egitekoa: «Zor hori apaltzeko badira beste hautuak egiteko, eta guk herritar langile gisa presioa jartzen dugu birbideratzeko austeritate aurrekontu batetik eta pasatzeko beste sistemara, non aberastasunak banatuak diren denen artean, eta non langile guztiok duinki bizitzen ahal garen».


