Zuzenean
Zubietako errotara bisita gidatua
Zubietako errotara bisita gidatua

Zubieta Ezkurra errekaren ondoan sortu eta eratutako herria da eta bertan bada, joareenaz gain, beste zarata atseginik. Leitzatik bertaratuz gero, erreka-zokoan zenbait makinetxe ikus daitezke, egun, gehienak, energia hidroelektrikoa sortzeko baliatuak.
Zubietako herrian bertan ere bada horrelako bat baina berezitasun batekin: ez da indar-etxe elektriko bat, errota baizik. Herriaren eta karreteraren artean, erreka ez ezik, ubidetxo bat ere bada paseo eta guzti eta horri segika heldu gara errepidea gainean duen errotara. Jasone Mitxeltorena errotazainarekin dugu hitzordua, berak erakutsiko baitigu erabileran den errota eta hau barnebiltzen duen ekomuseoa.
«Ohiturazko bere jarduera bizirik mantentzen duen errota» dela azaldu du Mitxeltorenak eta, bereizgarri gisa, bisitarientzat erakustaldiak egiten dituztela.

Sarrera nagusiko atearen harrian irakur daitekeenez, 1785 urtekoa da eraikina, ez ordea, errotaren existentzia. Izan ere, 1475 urtekoa da lehen lekukotasun idazkia eta egungo errotaren zenbait harri. 1785ean desegina omen zegoen errota eta ia osorik berreraiki zeneko data gorde nahi izan zitzaion atarian. Errotazainak azaldu bezala, «1475 inguruan kontzejuak eraiki zuenetik errentan ematen zen epe baterako eta Zubietako bizilagun baten hartu ohi zuen bertan zuen etxebizitza. Bera arduratzen zen irina egiteko zerbitzua emateaz». 1850 inguruan kontzejuak saldu egun zuen oso argi ez dagoen arrazoiren batengatik «karlistaldian herriak gastu handiei buru egin behar zien, desamortizazio legearen garaian herri ondasunak galtzen ziren Madrilen enkantean jartzen zirelako…» eta eskuz esku hamarkada egin ondoren, 1867an, Zubietako etxeek erosi zuten eta «geroztik beraiena da».
60ko hamarkadan irinaren industriak indarra hartu eta, Zubietara ere, krisia ekarri zuen. «Eraikinak inbertsioa eskatzen zuen eta diru laguntza eskatuz ekomuseo bezala zabaltzeko aukera izan zen». 99tik dago martxan ekomuseoa, non lehen etxebizitza zena erakusketa toki egina dagoen. «Hori izan da estrategia errotaren bizia luzatu ahal izateko oinarrizko zerbitzua mantenduz».
Errotazainak oroitu duenez, 1900. urtean zubietarrek argindarra lortzeko ere baliatu zuten presako ura. Etxeetan lanpara gutxi batzuk baino ez zeudenean, errotatik sortzen zen denentzako elektrizitatea. Hortik, eraikinak duen gehigarria. 1970era arte mantendu zuten elektrizitate-sorgailua.

Ondarea eta erabilgarritasuna
Etxebizitzarik ez dagoenez gero, bertan bizi den errotaririk ere ez, beraz, kudeaketan izan dira zenbait egokitzapen. «Errotariari egurra ekarri behar zitzaion eta urbidea auzolanetan garbitzen zuten herritarrek. Inplikazio handia izan da herriaren partetik baina, ekomuseo denetik, udalaren esku dago kudeaketa eta, ondorioz, eskuhartze hori txikitu da». Eskuhartzea bai baina inplikazioa ez, zeren «edozein arazo delarik, herritarrek dute errotaren gaineko ezagutza eta beraiek dira mantentzen dutenak».
Zubietarrek errotarekiko sentimendu handia omen dute eta, errotazainaren arabera, horrek zerikusia du Ezkurra errekatik edaten duen errota mantentzeko orduan.
Ez da erraza Zubietako errotak egindako bidea egitea, ondarea eta erabilgarritasuna ongi uztartzea. Honakoa modu bat da, kasuistika bati erantzuten diona eta Euskal Herrian baditugu gehiago ere, ez asko, baina bai batzuk. Era berean, izan daiteke beste zenbait eraikinen aktualizatze adibide.



