Zuzenean

Irailaren 7an eta 14an ditu arraunak urteko hitzordu garrantzitsuenak, Kontxako bandera izango da jokoan. Azken urteetan egindakoari segiz, zuzenean eskainiko ditu bi asteburuetako ekinaldiak NAIZ Irratiak. Azken urteetako bideari segiz zuzeneko kirol emankizunak indartuko ditu denboraldi berrian. Futbolean Athleticen Txapeldunen Liga izango da protagonista, irailaren 16an dute lehen hitzordua zurigorriek, Arsenalen aurka San Mamesen, eta zuzenean eskainiko du irratiak. Bizkaitarren Europako abentura guztiaz gain eliteko euskal taldeen arteko derbiak ere eskainiko ditu zuzenean NAIZ Irratiak.
Zuzeneko emanaldien eskaintza borobilduko dute pilotako lehen mailako finalen emankizunek eta txirrindularitzak (Itzulia, Itzulia Women eta Tourra). Gainera, egunero 15.00tan bere martxa segiko du KirolHaria tarteak, kirol aktualitateaz gain nutrizioari, prestakuntzari eta eskola kirolari eskainitako tarte bereziekin.
Zuzenekoaz gain podcast berezituen arloan ere berritasunekin iritsi da NAIZ Irratia. Irailaren 10ean Iratzar fundazioarekin elkarlanean osatutako ‘Haustura ala erreforma’ podcasta estreinatuko du. Bost ataleko lan berezia da, 1975ko irailaren 27an izandako Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegiren fusilatzeetatik abiatutako oroimen lan mardula. Atalez atal urte haietako testuingurua azaltzeko lana da, Carrero Blancoren aurkako ekintzatik hasi (1973) eta Juan Carlos Borboikoak Espainiako Konstituzioa berretsi zueneraino (1978) doana. Garai hartan frankismoarekin hautsi ala hura erreformatzearen artean egon zen dilema dakar lehen lerrora, eta nola baldintzatu zuen hautu hura Espainiako Estatuak fusilatzeekin eta bestelako ekintza bortitzekin.
Haustura ala erreforma, aurrerapena
Irailean bertan estatuek ezarritako mugez gaindiko harremanetan sakonduko duen podcast berezia ere estreinatuko du NAIZ Irratiak. Kasu honetan Mediabask hedabidearekin egindako elkarlanaren emaitza da eta mugaren bi aldetara eraiki diren harremanen adibide zehatzak ditu hizpide (elkarlanean antolatutako festak, herrien arteko senidetzeak, mugaz gaindiko kirol esperientziak...)
Analisia indartuta Haria 1n
Albistegi zerbitzuek azken urteetako eskemari eutsiko diote, 6.00tatik 10.00tara doan lehen edizio batekin, 13.00tatik 15.00tarako bigarrenarekin eta 20.00tatik aurrera egindako hirugarrenarekin.

Zazpi euskal probintzietako aktualitate politiko eta sozialak jarraituko du Informazioaren Hariaren lehen edizioaren ardatz izaten eta errealitate horren analisia izango du oinarri. Izen berriak batu dira analisietara, hala nola Joseba Permach ekonomilaria, Malen Dominguez soziologoa eta Unai Fernandez de Betoño arkitektua, besteak beste. Irratiko uhinetan euren analisia eskaintzen jarraituko dute, gainera, Patxi Zabaleta eta Begoña Errastik, Maialen Ferreira, Ekhiñe Atorrasagasti, Eguzki Urteaga, Garbiñe Biurrun eta Iosu Alberdik, besteak beste. Bi astez behin zuzendarien mahaia osatuko dute Iñaki Soto (GARA), Amagoia Mujika (‘Berria’) eta Ainhoa Jauregik (Hamaika Telebista) eta bi ostiralez behin hautetsien analisi mahaia izango da.
Aktualitateari segika kalera ateratzen jarraituko dute NAIZ Irratiko informazio zerbitzuek. Irailaren 18an, adibidez, zuzenean jarraitu ahalko da Gasteizko Legebiltzarreko ikasturte hasierako Osoko saio berezia.
Bigarren Kafea 10.00tan
1.000. saioa ospatu zuen pasa den denboraldian Bigarren Kafeak, puntu eta jarrai bat zen. Iñigo Asensio eta Goiuri Eceiza gidari, ohiko aurkezle talde zabalari eutsiko dio goiz erdiko erreferentziazko magazinak. June Romatet, Julen Goikoetxea, Pablo Zurutuza, May Gorostiaga eta Oihana Maritorenarekin osatuko du magazinak gidaritza.
Hortik aurrera, eltze bete osagai izango ditu Bigarren Kafeak: Lander Cornago, Arzak Jatetxeko I+G lantaldeko kideak gastronomia eta sukaldaritza izango ditu hizpide, Eukene Larrarte Zuzenbidean lizentziadunak literatura eta gizarte gaiak uztartuko ditu; literaturatik abiatu eta alkoholismoa, botere harremanak edo suizidioa landuz. Pop fenomeno bereziak ekarriko ditu Aiora Mujikak eta urruneko loturak ere egingo ditu magazinak Kolonbia, Mexiko eta Argentinarekin, Jose Miguel Ramirez, Iñigo Bilbao eta Marcos Tedin kolaboratzaileekin, hurrenez hurren. Iker Iriarte gai jartzaile eta bertsolaria ere Bigarren Kafearen eskaintzara batuko da.

Lan berezi pare bat ere bai, ikasturte berrirako: batetik, Labankada podcastaren hirugarren denboraldia; bestetik, erreportaje sorta berezia osatuko dute Bigarren Kafean, historian izan diren grebak izango dituzte hizpide, historia aldatu dutenetatik hasi eta egun bateko mugimendu hutsean geratu direnak arte.
Kalea ere estudio bihurtuko du maiz Bigarren Kafeak. Donostiako Zinemaldian izango du lehen hitzordua eta Durangoko Azokan bigarrena.
Musikak mugitzen duen irratia
Musikarik gabeko bizitzarik ez dago, eta ezta irratirik ere. NAIZ Irratiaren eta NAIZ Musika kanal berriaren bidez esfortzu berezia egiten jarraituko du NAIZek euskal musika eszenari lehen mailako plaza bat eskaintzeko. Iker Gurrutxagak gidaturiko MusikHaria da erreferentzia nagusia denboraldi berrian ere (12.15-13.00 eta 22.00-00.00).
Ikasturte berriarekin MusikHaria saioa egonkortutako musika espazioa dela nabarituko du entzuleak. Musikaren eta musikarien etxe bihurtu nahi izan du urte hauetan eta etxe giro horretan sortzen diren mimoz egindako elkarrizketak hartzen dute presentzia gehien. Kolaboratzaile finkoak ere batuz joan dira bidean eta, aurten ere, Iker Barbarak, Iraia Cambrak eta Itxaso Leonek euren ekarpena egingo diote saioari. Musika jaialdien jarraipen bereziak ere protagonismoa izango dute.
Musika saio espezializatuek ere ez dute hutsik egingo 2025/26 denboraldian. Erraietatik abiatu du Lide Hernandok Ad Libitum saioa (asteartetan 19.00tan), Soul-aren errege-erreginak hizpide. Musikarien pentsamendu politiko eta filosofikoak ezagutarazten jarraituko du Ritxi Aizpuruk Otea Lilin (ostegunetan 19.00tan), bere aukeraketa xehearekin abiaraziko du Gramofonoa Estitxu Pinatxok eta euren lekuari eutsiko diote Revolutionary Grooves, Reggae Fever eta Global Musikek, besteak beste (egunero, gauerditan). Gainera, Beste bat saioen eskutik musikarien fonoteka kuttunak ezagutzen jarraitzeko aukera ere izango dugu.
Denetarik denentzat
Krisi ekosozialak saio gehienak zeharkatuko dituen arren bere atal berezitua izaten jarraituko du Gelditu Makinak saioan (astelehenetan 18.00tan) eta hala izango dute literaturak eta kultur gaiek ere. Bertsolaritzari begirada propioa emango diote Eli Pagola eta Andoni Rekondok Kontatzera noazu saioarekin (igandetan 14.00tan) eta bertso txapelketei ere jarraipen berezia egingo die NAIZ Irratiak (Nafarroa eta Bizkaiko txapelketak dira udazken honetan).
Zebrabidea urrian
NAIZ Irratiaren ordu tarte nagusietako bat bete du azken urteetan Arrosa irrati sarearen baitan ekoitzitako Zebrabidea magazinak eta aurten ere hala egingo du. Gure Irratiko Arantxa Iridier eta NAIZ Irratiko Malen Frantsesena izango ditu gidari elkarlanaren adierazle den saio honek. Urrian abiatuko du denboraldi berria, egunero 16.00tatik 18.00tara entzun ahalko da NAIZ Irratian, Gure Irratian, Irulegiko irratian, Xiberuko Botzan eta Arrosa sareko beste hainbat irratian.
Ez daude diren denak, baina daudenak badira. Ikasturtea abiatu ahala emankizun berriak gehituko dira NAIZ Irratiaren eskaintzara.



