Zuzenean

2025eko lehen zortzi hilabeteetan hamalau garraiolari hil ziren lanean Euskal Herriko errepideetan; beste modu batera esanda, ia bi garraiolari hil ziren hilabetero errepideetan. Azken heriotza Erriberri parean izan zen, AP-15 errepidean, kamioi bat bidetik atera eta irauli zenean. 38 urteko garraiolari iruindarra zendu zen ezbeharrean.
Jasanezina beharko lukeen heriotza kopurua salatu du Naiz Irratian Jon Altuna Hiru euskal garraio eta garraiolarien sindikatuko ordezkariak. «Kontrolak indartu beharko lirateke baldintza kaskarrak saihesteko», azpimarratu du. Sektoreko arazo sistematikoak ezagutu arren, konponbide eraginkorrik ez bermatzea bereziki salagarria iruditzen zaio Altunari: «Enpresek ez dute askotan araudia betetzen eta administrazioak ez du ezer egiten arau horiek bete daitezen».
Erriberrin istripua eman zenean, goizaldeko 4:00ak ziren. Behin baino gehiagotan goizeko ordu txikitan ematen dira ezbeharrak, lan jardunaldi luzeen ondorioz. Hiruko kideak dionez, «atsedena hartzeko ere zailtasunak dituzte». Kasu batzuetan garraiolariak elkartzen dira, atseden araudiari iskin egiteko, baina Altunak esaten duen bezala, «bi garraiolari joaten badira kamioi batean, kamioi hori ez da gelditzen 18 orduz».
«Lan jardunaldi luzeak», «presa» edota «gehiegizko lan karga» dira, besteak beste, istripuen arrazoiak. Altunaren ustez, garraiolariak muturreraino eramatearen ondorio dira lan istripu gehienak, alegia, «baldintza kaskarren ondorio». Garraiolarien sektorean etorkizunik nahi bada, errotik egin beharreko aldaketak azaldu ditu Hiru sindikatuko kideak: Segurtasun araudia betearaztea, atseden orduak errespetatzea, garraiolarien lan ezaugarri berezien aitortza eta baldintza ekonomiko duinagoak eskaintzea.


