Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra

Idoia Otaegi (EHU): «Gure ikastaroak gizartearen isla dira»

Euskal Herriko Unibertsitateak udako ikastaroen azken asteetan dago, eta eskaintza zabal eta anitzarekin dator irailean ere. Udako ikastaroen balantzea egiteko eta oraindik eskura dauden aukera nagusiak azaltzeko, Idoia Otaegi, EHUko udako ikastaroen zuzendaria, NAIZ Irratian izan da.

Audio_placeholder

Idoia Otaegi (EHU): «Gure ikastaroak gizartearen isla dira»

Loading player...
Idoia Otaegi, EHUko udako ikastaroen zuzendaria.
Idoia Otaegi, EHUko udako ikastaroen zuzendaria. (NAIZ)

Idoia Otaegi, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroen zuzendaria, aurten egin diren ikastaroen balorazioa egin eta oraindik eskura dauden eskaintzari buruz hitz egin du.

Otaegik azaldu duenez, «ekainaren 15ean hasi ginen, eta irailaren amaierara arte ikastaroak ditugu». Hori dela eta, ikasturtea hasi bada ere, «guk udan lanean jarraitzen dugu». Udako eskaintza ez da Donostiako Miramar Jauregira mugatzen; Beasain, Ataun, Lesaka, Zaldibi edo Zerain bezalako herrietan ere ikastaro ugari antolatu dituzte.

Ikastaro horietan parte hartzen duten pertsonek profil oso desberdinak dituzte. «Gure ikastaroetan jende oso ezberdina elkartzen da. Horregatik esaten dugu gure ikastaroak gizartearen isla direla», adierazi du Otaegik. Gainera, azpimarratu du ez dela beharrezkoa unibertsitateko titulurik izatea parte hartzeko: «Edozein pertsonak parte har dezake, ikasteko interesa badu».

Euskararen presentzia ere nabarmen handitu da aurtengo edizioan. Otaegiren hitzetan, «aurten, iaz baino ikastaro gehiago izan dira euskaraz, eta gure erronketako bat da hizkuntza honen presentzia areagotzea, betiere beste hizkuntzak ere zainduz».

Etorkizunari begira, zuzendariaren ustez erronka nagusietako bat da gazteak erakartzea. «Gaur egungo gazteei kosta egiten zaie udako ikastaroetara hurbiltzea», aitortu du, eta hori lortzeko formatu parte-hartzaileagoak eta dinamikoagoak sustatzen ari direla adierazi du: «beren arreta eta interesa mantentzea ez baita erraza, baina ikastaroetan dinamika berriak sartuz gero, oso ondo funtzionatzen dute».

Aurtengo edizioan gai ugari landu dira: adimen artifiziala, ingurumenaren erronkak, populismoa, geopolitika edo zuzenbidearekin lotutako hainbat ikastaro. «Guztiak oso interesgarriak izan dira, eta parte hartzaileen iritziek erakusten dute egindako lanak fruituak eman dituela», adierazi du Otaegik, parte hartzaileek ikasitakoa eta bizitakoa eskertzen dutela nabarmenduz.

Ikastaroen ondoren sortzen diren harreman-sareak ere baloratu ditu positiboki: «ikastaro bakoitzean sinergia interesgarriak sortzen dira, hizlari eta parte hartzaileen artean».

Irailaren 30era arte hainbat ikastaro izango dira oraindik, eta interesa dutenek matrikula egiteko aukera dute, uik.eus webgunean sartuta.

Jaurlaritza Logoa