Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

«Frantses estatuak lehenik eta behin behar luke bere izaera plurinazionala aitortu»

Ipar Euskal Herriko hiru herritarretatik bik autonomia gehiagoren alde egiten dutela argitaratu ostean, IFOP institutuak egindako azken inkestaren emaitzak aztergai izan ditu EH Baiko koordinatzaile orokor Txomin Casteigtsek. Herritarrek «baliabide eta botere gehiago» nahi dituztela berretsi du.

Audio_placeholder

«Frantses estatuak lehenik eta behin behar luke bere izaera plurinazionala aitortu»

Loading player...
Txomin Casteigts (eskuinean) eta Mathilde Hary EH Bairen agerraldi publiko batean.
Txomin Casteigts (eskuinean) eta Mathilde Hary EH Bairen agerraldi publiko batean. (Guillaume Faveau )

Autogobernu gehiago bermatuko lukeen estatus berri baten alde egiten dute Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoako herritarren bi herenek, Eskualdeen eta Herri Solidarioen alderdien federazioak zabaldutako ikerketaren datuen arabera. IFOP institutuak egin zuen inkesta hori, abuztuaren amaieran aipatu federazioak Korsikan egindako udako unibertsitatearen baitan. Begirada zabalduz gainera, joera antzekoa da estatuko beste hainbat lurraldeetan, bereziki nazio izaera duten horietan. Emaitza hauek erpin askotatik aztertu daitezke, baina oinarrian kale egiten ari den estatu egitura dago, Txomin Casteigts EH Baiko koordinatzaile orokorrak dionez, «frantses estatuak lehenik eta behin behar luke bere izaera plurinazionala aitortu».

Gainerako alderdi nazionalekin edota ezkerrekoekin harremanak estutuz, une historiko hau ulertu eta «urratsak» ematen jarraitzearen garrantziaz hitz egin du Casteigtsek, norberak bere testuinguruari erreparatuz, «Hirigune Elkargoa lehen etapa bat izan bada ere, botere gutxiegi du ditugun erronkei aurre egiteko. Bada garaia hurrengo urratsari begira jartzeko». Frantses estatuak gaur egun bizi duena, «krisi politikoa baino, erregimen krisia» da EH Baiko ordezkariaren arabera eta horren aurrean, gero eta gehiago direla euren proiektuarekin lerratzen diren herritarrak, «guretzat emaitza horiek berresten dute azken hilabete eta urteetan aipatzen duguna; Euskal Herriak bere burua gobernatzeko baliabide eta botere gehiago behar dituela eta herritarrek hori nahi dutela».

Jaurlaritza Logoa