Zuzenean

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia

Gazarako Mugimendu Globala: «Denok daukagu zer eginik»

Igande honetan nazioarteko ekintzaileez osatutako ontzidi berri bat abiatuko da Gazarantz Bartzelonatik, euskal herritarrekin tartean. Hemen antolatu diren protesta ekintzetan ere parte hartzera deitu du Nere Etxebarria Gazarako Mugimendu Globaleko kideak, «genozidio bat da, ezin dugu onartu». 

Audio_placeholder

Gazarako Mugimendu Globala: «Denok daukagu zer eginik»

Loading player...
Gasteizen eman zuen Gazarako Mugimendu Globalak Sumud Flotillaren berri.
Gasteizen eman zuen Gazarako Mugimendu Globalak Sumud Flotillaren berri. (Gazarako Mugimendu Globala )

Israelgo Estatuak Gazako Zerrendari ezarritako setio bortitza apurtu eta gosez hiltzen ari diren palestinarrei laguntza emateko saiakera berri bat izango da igande honetatik (hilaren 31) aurrera. Global Sumud Flotillla antolatu du Gazarako Mugimendu Globalak. Bartzelonako portutik abiatuko dira lehen itsasontziak, aurrerago Mediterraneo itsasoko punturen batean Tunisia eta Siziliatik abiatuko direnekin bat egiteko. Mundu osotik heldutako ehunka ekintzaile dira Palestinara heldu nahi dutenak, beste ehunka milaka lagunen babesa izango dutenak beraien jaioterrietan. «Denok daukagu zer eginik», azaldu du Naiz Irratian Nere Etxebarria Aizpuru Gazarako Mugimendu Globaleko ordezkariak, «gure esku dagoen guztia egin behar dugu», gaineratu du.

«Genozidioarekin amaitzea, setioa apurtu eta itsas korridore bat zabaltzea», helburu dituen espedizio bakezale honetan lau euskal herritar egongo dira Etxebarriak baieztatu duenez, nahiz eta azken unera arte ez dituzten hauen izenak publiko egingo segurtasun arrazoiak direla medio. Ez dira bakarrik ontziratuko ordea, bi autobus antolatu baitituzte larunbat gauean (hilaren 30); autobus bana antolatu dute Bilbotik eta Donostiatik. Lehenak geldialdia egingo du jende gehiago jasotzeko Gasteizen eta bigarrenak berriz Iruñean eta Tafallan. Sumud Flotillak igoko diren ekintzaileak agurtu ostean, igandean bertan egingo dute bueltarako bidea.

Ez da Gazako setioa apurtzen ahaleginduko den lehen ontzidia. 2010ean eraso zuzena jasan zuen Askatasunaren Ontziditik (10 ekintzaile hil zituen Israelgo armadak), ugariak izan dira saiakerak eta ekainean lurrez Rafahko pasabidera heldu nahi zuen March to Gaza ekimenak ere ez zuen helburua lortu, kasu honetan Egiptoren errepresioa tarteko. Jakin badakite helburua lortzea zaila izango dela, baina Israel presionatzeko balioko duela espero du Etxebarriak eta palestinar herriari bakarrik ez dagoela adierazteko, «arriskua egongo dela? badakigu baina arrisku gehiago daukate (setiopean bizi diren) palestinarrek». Gaineratu duenez, oso argi dute jokoan dagoena, baina baita herri palestinarra jasaten ari dena ere, «genozidio bat da, ezin dugu onartu». 

Protesta ekintzak nonahi

Ontzidiko itsasontziak ahaleginduko dira Gazako kostaldera heltzen, baina ehunka milaka lagun dira beraien sorterrietatik babesa emango dutenak. Gasteizen esaterako, astelehenetik ostiral honetara arte luzatu den baraualdia egin dute Gazarako Mugimendu Globaleko kideek, Artium museotik abiatuko den manifestazio batekin amaituko dena. Bilbon, Global Sumud Flotillaren aldeko mobilizazioa dago iragarrita, abuztuaren 30ean, eta Mediterraneoan egongo diren horiek gogoan, Santurtzi eta Bilbo lotuko dituen itsas martxa antolatuko dute irailaren 6an. Eta palestinar herriaren alde eta genozidioa salatzeko egunotan deitu diren ekintzekin bat egitera deitu dute: Vueltan Israel Premier-Tech taldearen parte hartzea salatzeko ekintzak edota Tuteratik Hendaiara, alegia, Ebro ibaitik Kantauri itsasora irailaren 10etik 20ra egingo den ibilaldia, besteak beste.

Nere Etxebarria Gazarako Mugimendu Globaleko kidearen arabera, «denok gara erantzule», eta Israelgo Estatuaren gehiegikeriak gaitzesteaz harago, Euskal Herrian bertan Estatu Sionistak dituen «laguntzaileak» presionatzera deitu du, Jerusalem Ekialdean (Israelek okupatzen duten hiriko zati arabiarrean) tranbia eraikitzen ari den CAF enpresaren kasu paradigmatikoa gogora ekarriz. Baina salaketa publikoaren eta gizarte antolaketaren bitartez Euskal Herrian bertan ere ikusi da berriki, elkartasuna interes ekonomikoen gainetik egon daitekeela. «Sidenor enpresak apurtu zituen harremanak Israelekin duela hilabete batzuk. Ez zen izan erabaki zutelako Israel txarto portatzen ari dela, baizik eta presioagatik», azaldu du Etxebarriak.

 

Jaurlaritza Logoa