Zuzenean

Uztailean jakinarazi zioten Frantziar Estatutik Uztaritzen egoitzan duen Euskal Kultur Erakundeari urtero emandako diru laguntzan %15eko murrizketa egingo zela; 30.000 euro. Kopuru esanguratsu bat da erakunde honentzako eta premiazko bi buruhauste suposatzen die. Epe laburrean, adostuta eta abian dituzten proiektuetan erabakiak utzi ditzakeen ondorioak kezkatzen ditu. «Aurtengo aurrekontua oso aitzinatua da eta ez dakigu nola urtea bukatuko dugun ere», adierazi du EKEko ordezkari Johañe Etchebestek.
Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, euskara eta euskal kultura Ipar Euskal Herrian sustatzen dituen erakunde nagusia da EKE. 1990ean sortu zenetik, estatuak ez du sekulan murriztu emandako ekarpen ekonomikoa, baina egia da ere 2005etik ez duela handitu. Euskarari eta euskal kulturari bultzada ematen dioten 200 elkarte biltzen dira gaur egun EKEren inguruan eta 120 bat proiektu sustatzen dira bere aurrekontuaren bidez. Ondorioz, «EKEri dirua kentzen delarik horrek esan nahi du ekosistema guzti hori ahultzen dela», Etchebesteren arabera.
Bi atalek osatzen dute EKEren administrazio kontseilua, hautetsien batzordea eta kultur eragileen batzordea. Azken honen izenean hitz egin du NAIZ Irratiarekin Etchebestek. Urteko egutegia eta konpromisoak nola gauzatu suposatzen dien erronkari heltzen dioten bitartean, epe ertainera begira erakundearen bideragarritasuna bera ere kolokan egon liteke Etchebestek ohartarazi duenez, «30.000 eurorekin kasik lanpostu bat finantzatzen da». Era berean, beldur dira ez ote duten bide bera hartuko EKE finantzatzen duten gainerako erakunde publikoek, Euskal Hiri Elkargoak, Pirinio Atlantikoen departamentuak edota Akitania Berriak eskualdeak. Milioi bat euro ingurukoa da EKEren aurrekontua eta erakunde guztiek finantzatzen dute maila berean. Murrizketa gehiago ekar ditzakeen agertoki berri honek kezkatzen du bereziki Etchebestek, «estatuak apaltzen baldin badu beste erakundeek apaltzeko gogoa ukaiten ahal dute».
Irailaren 13an batzartuko da EKEren administrazio kontseilua Uztaritzen duten egoitzan (Lota jauregian) eta estatua izango da bertan ordezkatua. Euren atzean 200 eragile eta proiektu garrantzitsuak daudela azalduko diete, erabakian atzera egin dezaten, edo gutxienez murrizketa gehiagorik ez egoteko aurrerantzean. Euren aldarrikapenak gutun bidez babes ditzatela eskatu diete eragile guzti horiei eta protesta kutsua izango duen «mobilizazio artistiko bat» burutuko dutela iragarri du Johañe Etchebestek. «erakusteko ordezkari horiei euskal kultura ez dela bakarrik operadore bat, baizik eta horren beste eragile dituela gibelean», azaldu du. Goizeko 10:00etan bertaratzeko deia egin Euskal Kultur Erakundeak.


