Zuzenean

Tuteran hasi eta Hendaian bukatuko da 11 eguneko elkartasun martxa, eta bi helburu izango ditu Elisa Huartek, elkartasun ekimenaren kideak, azaldu duenez: «Alde batetik, elkartasun uholdeekin jarraituko dugu; eta, beste aldetik, enpresen eta administrazioen aldetik genozidioarekin dauden konplizitateak salatuko ditugu».
Etapa bakoitzean salaketa bat egingo du martxak, eta horren arabera marraztu dute ibilbidea. Bardeetan, tiro eremuan, NATOren aireko indarrek egiten dituzten bonbardaketak salatuko dituzte; Elortzibarren, M.Torres enpresaren atarian, enpresak berak Israelgo armadari teknologia saltzen diola salatuko dute; Iruñean, aldiz, Osasunbideak TEVA enpresa israeldarraren sendagaiak erosten dituela salatuko dute; CAF enpresak dituen egoitzetan ere parada egingo dute, Castejonen, Artikan eta Irunen; azkenik, Hendaian, Carrefourrek dituen negozioak salatuko dituzte. Huartek Israelekin harremana duten enpresen zerrenda «amaigabea» dela nabarmendu du, «nazioarteko multinazional handietatik hasita gure herriko enpresak aipatzeraino».
Salaketa ekintzetatik harago, tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira martxan zehar, eta herrien erantzun positiboa goraipatu du: «Ibilbidea moldatu behar izan dugu herrien eskaerak aintzat hartzezko». Era berean, Korrikan bezalaxe, lekuko batek gidatuko du martxa: giltza bat izango da, herriak etxeko giltzak dituela adierazteko.


