Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

«Ez dakit Barne Sailak noraino gelditu dezakeen aktibitatea. AHTko langileek ez dute debekurik»

EHNE sindikatuko laborarien artean «erabateko kezka» sortu dute Nafarroako suteen baitan nekazaritza jarduna eteteko neurriek. Bero aurreikuspenak ikusita neurriak bere horretan mantendu izana kritikatu du Patxiku Irisarrik NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan.

Audio_placeholder

«Ez dakit Barne Sailak noraino gelditu dezakeen aktibitatea. AHTko langileek ez dute debekurik»

Loading player...
Patxiku Irisarri, EHNE Nafarroako idazkaria
Patxiku Irisarri, EHNE Nafarroako idazkaria (Jagoba Manterola | FOKU)

«Bi suteak itzalita zeudela, alerta jarri moduan kendu ahal zuten», kritikatu du EHNE sindikatuko Patxiku Irisarrik. Ostera neurriak malgutu izana egindako presioaren ondorio izan dela berretsi du, eta adibidetzat jarri ditu soro ureztatuetan landaturiko tomateak ala Nafarroa iparraldean burutzen diren lanak: «Belatetik gora jendea belarra egiten ari da, eta debeku horrek erabat debekatzen zuen. Orduan, noiz egin behar dugu belarra, ez bada denbora ederrarekin?».

Irisarrik orain artean aintzat hartu den meteoalerta sistema lehenetsi du. «37 gradu arte lana normal egin daiteke. 37-39 gradu artean, alerta horia da. Kasu honetan, belar paketeak edo lasto paketeak egitean, beste pertsona bat behar da nekazaritza-lanabesekin edo mila litroko ur depositu batekin. Alerta laranjan, 14:00 arte lan egin daiteke bakarrik». 

Egun, neguan jasoko diren barazkien landaketa ala lurren prestaketa dira lan nagusiak. Horretarako, lurra jorratzeko 'chisel' izeneko goldea baliatzen da. Patxiku Irisarrirentzat nahasgarria da golde mota honen erabilera debekatu izana, suhiltzaileek suebakiak zabaltzeko nekazarien beharra izan duten aldi berean.

Aurreikusitako bero-boladaren baitan, EHNE sindikatuko kidea zalantzati dago Nafarroako Barne Sailak har ditzakeen debekuez. «Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak alerta gorria ezarri du, baina ez du lan egitea debekatu. Adibidez, AHTan dabiltzan langileei ez die lan egitea debekatu. Gomendioak ematen dituzte, baina debekurik ez. Gure kasuan debekua dago mahai gainean», salatu du.

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa