Zuzenean

Intro moduko abesti batekin abiatzen dute beren lehen lana Enbata Loradekoek. Soinu ugari entzuten dira eta, behin diskoa entzunda, bertako abestien zaitak ez ote diren galdetzen diogu gure buruari.
Euskara eta gaztelera nahasten dituzte bakiotarrek, modu argi eta naturalean. ‘Igogailua’ kantuan hasieratik ikusi daiteke horri. Rap estiloan abesten dute eta horrek letretan eta fonetikan beste pisu bat hartzea ekartzen dio beren musikari. Baxu indartsuak, gitarra garbi eta zikinen arteko kontrastea eta azken zati epiko bat, hori guztia du lehen abestiak.
Erronka berrien maitale direla kontatzen digute ‘Ardatzak’ abestian. Bertan goxo egotea denoi gustatzen zaigu eta horretaz ere mintzo dira bigarren kantu honetan, baina bizitzan erronka berriek ekartzen dieten motibazioa agerian uzten dute. Zaratatxo ugari ditu musikalki abestia, erritmoak gora egiten du eta horrek dantzara bideratzen gaitu. Hori bai, errepika zeharo mundu desberdin batekoa da eta kontraste polita egiten du.
‘Lola Navarro’ nor ote den galdera etorriko zaio askori burura, nahiz eta garrantzia berezirik ez izan gero kantuan. Melillako hesiaz hitz egiten du, jertse gorri batek denboran bizi izandako istorietako bat kontatuz horrela. Hori baita kantuak diona, jertse batek bizitza asko eta istorio pila bat bizi ditzakeela. Gitarren elkarrizketa interesgarriak entzun daitezke abestian, melodiek karga hartzen dute eta atzeko planoetan entzun dezakegu hori. Itoiz taldea ere ezinbestean etortzen zaigu burura, Mutriku eta Bakio lotu dituzte nolabait ere.
Turistifikazioaren aferaz hitz egiten digute ‘Lau formaggi’ kantuan eta poliziaren gehiegizko presentzia ere aipatzen dute, «Solo veo zipis yendo de lao a lao» esaldiak nabarmen uzten du hori. Jazz-rap moduko bat osatu dutela esan daiteke, dinamika asko duen abestia baita, eta oso soinu berezia duen bonbo bat entzuten dugu, gainera.
Harry Styles entzuten da ‘Harry ez da hil’ esaten duten bakoitzean izen hroi daraman kantuan. Funk-rock munduan koka dezakegu abestia, sinte ugari eta efektu asko dituen pieza eklektikoa da, baxuak borobiltzen duena erabat. Harremanetan eduki dezakegun konfiantza mailaz hitz egiten digute, modu umoretsuan beti ere.
‘Bala beltzak’ rock klasikoagoko abestia da. Fuzz asko du eta bestelako xehetasun txikiekin ere jolas sonikoak egin dituzte hemen ere. Mezu asko bala moduan jaurtitzen direla salatzen dute mezuz beteta bizi garen mundu honetan. ‘Iritsiko da’ abestian, berriz, presoen afera izan dute gogoan. Oraindik ere bukatzeke dagoen eta konpontzeke dagoen afera: «40 minutu ordu asko dira».
Apustuen munduari eginiko kritika batekin dator ‘Aizkora ta pala’ abestia, Wazemanken sampler eta guzti. Diskoa ixteko, berriz, ‘AHV’ abestia dator, txandal metal unibertsokoa, disonantziekin ere jolasten dute azken abesti honetan.
Abuztuan emanaldiak izango dituzten arren, oraindik 9 eta 16koak non izango diren ez dute aurreratu. Hori bai, Uribarri konpartsaren txosnan arituko dira abuztuaren 20an, Bilboko Aste Nagusian. Ea zer nolako bidea egiten duen Enbata Lorade talde fresko eta dibertigarriak.




