Zuzenean

Zaloa Badiola - Peli Lekuona
Elkarrizketa
Nerea Eugi
Hatortxu Rock-eko antolakuntzako kidea

Dena prest Hatortxu Rock-en amaieraren hasierarako

Ostegun honetan hasiko da Hatortxu Rock-en amaieraren hasiera. Lau egun, berriro ere, bizitza osorako. Azken ukituak ari dira ematen ‘Herriye’-ri, Naiz, zein Beriain guneari. Tartetxo bat hartu du antolakuntzako kidea den Nerea Eugik NAIZ Irratiarekin hitz egiteko.

Audio_placeholder

Dena prest Hatortxu Rock-en amaieraren hasierarako

Loading player...
Hatortxu Rock jaialdiko boluntarioen kanpainaren aurkezpena
Hatortxu Rock jaialdiko boluntarioen kanpainaren aurkezpena (Aitor Karasatorre | Foku)

Hogeita sei urte eta hogeita hamar edizio biltzen ditu Hatortxu Rock-ek. Hiltzeko jaio zen elkartasun jaialdiari heldu zaio bere amaiera. Ehundaka izan dira azken hilabete eta asteetan auzolanean hurrengo egunetan milaka pertsonentzako ‘etxe’ izango dena eraikitzen, ‘denak etxera’ ekartzeko aldarriari bidea emanez.

Antolakuntza lanetan ibili da Nerea Eugi. Azken orduetako urduritasunak tarteko, «bideratuta» dute muntaketa guztia. «Azken ukituak» ematea baino ez da geratzen. Antolakuntza aldetik lan gehiago izan dutela dio Eugik, «egun gehiago direnez prestaketa lanetarako egun gehiago» behar izan dituztela. «Behar gehiago ere sortu dira: akanpalekua, dutxak… Lan talde eta ardura berriak sortu behar izan dira jaialdia aurrera ateratzeko».

100 talde igaroko dira jaialdiaren oholtza ezberdinetatik. Eszenatoki lan taldeko kideen «lan ederra» goraipatu du antolakuntzako kideak. Lan gehiago eskatu omen izan du horrek, «Hatortxun zehar egon diren talde askok parte hartu nahi izan dutelako eta guk ere gonbidatu nahi izan ditugulako». Elkartasuna eta auzolana dira Hatortxuren oinarriak, hori ere azpimarratzen dute urteetan zehar jaialditik igaro diren taldeek: «Profesionala ez den jaialdi profesionalena dela esaten digute askok».

Milaka taupada

Milaka izango dira asteburuan Lakuntzan batuko diren pertsonak. Kopuru zehatzaren faltan, Nerea Eugik nabarmendu du oraindik badaudela sarrerak. Baina, adi! Egunetik egunera ari da aforoa betetzen eta sarrerak amaitzeko aukera gero eta hurbilago dago.

1.200 biztanleko herritxo bat da Lakuntza. Antolakuntzako kideak azaldu du «elkarrizketa etengabe» batean ari direla herritarrekin beraien beharrak eta kezkak helarazteko. «Guk ere haiek zaintzeko gu zaitzen gaituzten bezala». Zentzu horretan zenbait neurri hartu ditu antolakuntzak herria «hainbeste ez inbaditzeko». Herriko sarrerak itxita egongo dira eta adi egon beharko da autoz gerturatu ahal izateko. Eugik gogoratu du sare sozialetan dagoela zintzilikatuta informazio guztia, «marrazki bidez azaldu dugu nondik sartu ahalko den jaialdira».

 


7.049

«Euskal Herriko kideak oso ondo ari dira erantzuten», aitortu du Nerea Eugik, nahiz eta oraindik ez diren eskatzen dituzten 7.049 txandak lotu. Ostiral eta larunbat iluntzetako txandetan oraindik jendea behar dela gogorarazi du eta hatortxurock.eus webgunean dagoela izena emateko aukera. Txanda egitea ere jaialdia bizitzeko beste modu bat dela nabarmendu du. «Lau egun ditugu jaialdiaz gozatzeko eta hemen egoteko, txanda egiteko tartetxo bat ateratzea polita da ere».

‘Txandalero txandalari’ dio azken edizio honetarako Barniz taldeak sortu duen kantuak. Kantu itsaskorra izateaz gain jendea erakartzeko eta kontzientziak pizteko ere balio izan du Eugiren ustez.

Egon ez zaren lekuetara itzultzeko

Gatazka politikoak eragin dituen errealitate pertsonal eta kolektiboak plazaratzearen beharrari ahotsa emanez laburmetraia ere sortu dute. Etxera itzultzen direnen harrerari begiratzen dion lana.

«Azken hatortxu honetan egon diren bizipen eta istorio guzti horiei ere zentzu bat edo bide bat eman nahi diegu». Laburmetrai bat izan daiteke guzti hau memoria kolektiboak iltzatzeko tresna.

Dispertsioak sortutako behar ekonomiko eta sozialei aurre egiteko sortu zen Hatortxu, zama horiek arintzen laguntzeko. Lakuntzan horren amaiera ere «ospatu» ahalko dela esan du Nerea Eugik. Bitartean Hatortxuko kideek lanean jarraituko dutela azpimarratu du, «etxera itzultzen direnei harrera duin bat emateko». Oraindik badagoelako bidea egiteko.

Jaurlaritza Logoa