Zuzenean

Zazpi abesti eta hasiera eta bukaera borobilduz, horrela hartu dezakegu ‘Noraezean’, Maren Otegiren estreinako lana. ‘Nora’ izeneko pianoko konposizio batekin hasten da ibilbidea, intro moduan datorren abestiarekin. Kontua da, azken ‘Ezean’ abestira iristean, zikloa ixten duela Otegik, bi kantuak elkar hartzen baitute gure belarrietarako.
‘Sentsazio arraro bat’ da hala ere bigarren tokian topatzen dugun kantua. Norbera lekuz kanpo topatzearen inguruan hitz egiten duen abestia, bateriak indar handia ematen diona eta ahotsaren oihartzunak bete egiten duena.
‘Azken pausua’ abestian berriz amildegi baten aurrean harrapatuta dagoen pertsona baten itotasunaz hitz egiten digu Otegik. Bizipen pertsonal gogorretatik idatzitako testua, baina kanporatzeko indarra izan duena. Nabari zaio bere instrumentua pianoa dela, gustu handiz jota baitago guztia. Gitarra eta baxuak, ordea, gordin entzuten dira, haien izaera organikoa mantendu nahi izan baitu zarauztarrak.
‘Maitasunari beldurra’ abestian ere minetik ari zaigu abesten Maren Otegi, nahiz eta ondo maitatzearen aldarria egitea duen helburu argi eta garbia kantu honek. Haize konponketa bat ere gehitu dio guztiari, musika ikasketek zerbaitetarako balio baitute. 60etako pop-rockera bidaia bat proposatu digu.
‘Su ala errautsa’ kantuan erlazio baten biziraupenaz hitz egiten digu, kantu nahikoa eklektikoa dena. Zati oso desberdinak ditu, musika afrikarra eta Karibekoa uztartu ditu abesti honetan, perkusio asko eta teklatu oso desberdinak entzunaz, baita halako batukada zati bat ere.
‘Hiru hilabete’ abestia dator gero, pianoaren pedalen erabilera argi eta garbi nabaritzen dena, sinpletasuna eta soiltasuna aldarrikatzen dituen abestian. Eta, bitxia bada ere, honek ere lotura egiten du ‘Ezean’ kantuarekin, tono berean baitago.
Araxes estudioan grabatu du guztia Otegik eta edizio fisikoa ere eskuragarri dago nahi duenarentzat, horretarako, bere sareetara jo eta harremanetan jarri beharko da. Gainerakoan, entzun MusikHaria saiora egin zuen bisitan egindako lanari buruz kontatu ziguna.




