Zuzenean
«Gu han geunden lasai. Bat-batean tiro egin ziguten, inolako arrazoirik gabe»
Duela hilabete batzuk Bilboko Etxarriko gaztetxearen desalojoan, Ertzaintzak Iker Arana gazteari tiro egin eta honek barrabila galdu zuen. Tiro egin zuen agentea identifikatua dago, baina Iker Aranak NAIZ Irratian salatu du Ertzaintzak frogak ezkutatu dituela.
«Gu han geunden lasai. Bat-batean tiro egin ziguten, inolako arrazoirik gabe»

Apirilaren 3an Bilboko Etxarriko Gaztetxearen inguruan izandako istiluen harira, Ertzaintzako agente batek gazte bati tiro egin zion, eta horren ondorioz, Iker Arana izeneko gazteak barrabila galdu zuen. Gertaeraren ondoren, Aranak salatu du Ertzaintzak frogak ezkutatu dituela eta ikerketa oztopatzen saiatu dela.
Tiro egin zuen agentea identifikatua izan da, baina ez Ertzaintzaren ikerketari esker, baizik eta Aranaren lagunek gertatutakoaren bideoak eta argazkiak lortu zituztelako. «Froga horiek gabe, ezinezkoa izango zen gertatutakoa frogatzea», azaldu du gazteak, eta gaineratu du Poliziaren kamerek ez dutela inolako erabilgarritasunik izan.
Aranak zehaztu du tiroa ez zela istilu gunean bertan jaso, baizik eta gaztetxetik gertu zegoen Eskurtze institututik hurbil. «Gu han geunden lasai, auzokoekin, ikusminez. Bat-batean tiro egin ziguten, inolako arrazoirik gabe», esan du.
Gaztearen arabera, agenteak zuzen-zuzenean barrabiletara apuntatu zuen: «Ez zen istripua izan. Gaur egungo armekin non apuntatzen duzun, han jotzen du». Ondoren, Aranak ihes egin behar izan zuen atxilotua izateko arriskua zegoelako.
Salaketa prozesua apirilaren bigarren astean abiatu zen, eta tiroketa egin zuen ertzaina jada identifikatua dago. Hala ere, deklarazioa hartzeko prozesua atzeratzen ari dela salatu du Aranak. «Ziur nago alderantzizkoa izango balitz –ertzaina zauritua eta manifestaria susmagarri–, hurrengo egunean izango litzatekela atxilotua», gaineratu du.
Bestalde, sortu berri duten Justizia Aranarentzat plataformaren bidez hiru helburu nagusi dituzte: Iker Aranaren kasuari oihartzuna ematea, Poliziaren bortizkeria salatzea eta justizia eskatzea.
Aranak ez du inolako kontakturik izan Lakuako ordezkariekin, nahiz eta Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi zuen harremanetan jartzen saiatu zela. «Ez dut deirik edo inolako kontakturik izan», baieztatu du gazteak.
Azkenik, Iker Aranak aldarrikatu du beharrezkoa dela Ertzaintza identifikatzeko sistema gardenagoa ezartzea. «Ezinezkoa da sorbaldan daramaten zenbaki txikia irakurtzea. Eta berriz, hurbiltzen bazara, oldartu egiten dira», esan du.


