Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Ana Arsuaga, Verde Prato
Konposatzailea eta kantaria

«Nire burua musikari bezala serio hartzea prozesu bat izan da»

Ana Arsuagak (Tolosa, 1994) dagoeneko bi disko eta maxisingle bat argitaratu ditu Verde Prato proiektupean, ‘Bizitza eztia’ izenekoa, azkena. Musikari gisa adoretzeko prozesuaz mintzatu zaigu musikari tolosarra, baita bere proiektu pertsonala bideratzeko dituen planez ere.

Ana Arsuaga, Verde Prato.
Ana Arsuaga, Verde Prato. (Maria MURIEDAS)

Adoretuta aspaldidanik zaude, ezta?

Bai eta ez. Kontzeptuak niri grazia egiten dit, eta aldi berean iruditzen zait pixka bat flipatua dela diskoari izenburu hori jartzea (barreak), baina tira. Zentzu batean nik neure buruarekin ditudan elkarrizketa edo bakarrizketa horiengatik izan zen, nola izan musikaria, nola jarri nire burua hor bakarrik… Ni lotsatia naizelako gauza askotan, eta hau guztia niretzat prozesu bat izan da. Eta da gaur egun ere.

Ez da erraza oholtzara bakarrik ateratzea. Kalean ere egin dituzu gauzak; berdinetik berdinera errazagoa izango da Victoria Eugeniako oholtzara ateratzea baino.

Bai, hori da. Eta badaude garrantzitsuak diren beste faktore batzuk. Adibidez, niri Tolosan jotzeak edo ezagunen aurrean jotzeak lotsa handiagoa ematen dit kanpoan jotzeak baino. Bakoitzaren lotsak eta beldurrak oso pertsonalak dira. Neure burua serio hartzearena prozesu bat izan da, eta horretan ari naiz musikari moduan.

Kontzertuetara bakarrik joaten zara edo konplizeren bat eramateko joera duzu?

Nik nahiago dut norbait eraman, baina beti ez da posible. Egia da managerra beti joaten dela, baina bere kabuz: bera Madrilen bizi da eta handik doa, eta ni Tolosatik. Asko laguntzen du figura profesional bat alboan izateak, baina ez da gauza bera. Askoz hobeto nago senideren edo lagunen bat nirekin joaten denean.

Egoera horiek bizi egin behar dira: norabait joan eta «kaixo, ni naiz musikaria»…

Artiston bizitza oso arraroa da. Kontzertua bera edo konposatze lan hori ehuneko portzentaje oso txiki bat da; gainerakoa oso terrenala da eta nahiko bortitza iruditzen zait askotan, betiere bakarrik nagoelako. Taldean oso desberdina dela uste dut, baina bakarrik egonda, zu zaude leku ezezagun batean, jende ezezagunez inguratuta eta, bueno, hori temazo bat da.

«Artiston bizitza oso arraroa da. Kontzertuak eta konposatze lana ehuneko portzentaje oso txiki bat da; gainerakoa oso terrenala da eta nahiko bortitza iruditzen zait askotan»

«Ahizpak» kantuarekin ireki duzu diskoa. Ahizpatasunari egindako kantu bat da?

Bai. Nik ahizpa txiki bat dut eta hari dedikatua da. Txikitatik berarekin eduki dudan harremanaz ari da kantua, nola ikusten nuen nik eta nola ikusten dudan Marina, nire ahizpa.

Unibertsalago ere uler daiteke, ahizpatasuna bere horretan hartuta. Sororitatearen gaia ere nik behintzat topatzen dut hor inplizituki.

Ez dut horretan pentsatu, baina egia da horrela ere interpreta daitekeela kantu hau. Eta hori bada gustatzen zaidan gauza bat: abestia nondik atera dudan konta diezazuket, baina hori anekdotikoa bilakatzen da, abestien atzean askoz gehiago dagoelako.

Hasierako «loop» hori da gainerako guztiaren oinarria?

Hori askotan gertatzen zait. Konposatzeko orduan, riff bat zenbatero errepikatuko den edo zenbat dauden etengabe errepikatzen… abiapuntu gisa erabiltzen dut. Saiatzen naiz dakidan gutxi horrek distira bat eduki dezan, balio bat, bere maila gorenera eramaten.

El Tigre estudioan aritu zara grabaketetan. Planoekin asko jostatu zarete.

Bai, Jon Agirrezabalagarekin (nire laguna eta ekoizpen lanak egiten dizkidana) konfiantza handia dut eta oso erraza da halako gauzak aipatzea, abesti hau jolas bat izatea nahi nuela, adibidez. Abesti honetan soinutxo asko daude, jolas modura sartuta, era aleatorioan agian. Niretzat kontzeptua zen haur bat kutxatxo batekin jolasten, orain soinu hau sartu eta orain hau.

Zure konposatzeko moduan irudimena islatzen saiatzen zara.

Eskertzen dizut hori. Ni bizipen erreal batetik idazten hasten naiz, baina nora eraman bizipen hori? Ez da letrekin bakarrik gertatzen den zerbait; nik uste dut abesti baten arimak zure sentsibilitatearekin lotura duela, tonu bat duela. Hor narratibitate bat beharrezkoa da hezurdura osatzeko.

‘Su pelo’ kantua nola definituko zenuke?

Niretzat reggaetoi bat da; agian pixka bat motela.

Disko bat osatzeko, zenbat denbora pasa dezakezu soinuaren ikerkuntzan?

(Barreak) Aste pare bat Jonekin, bai. Hasieran dena nik egiten dut eta Joni ematen diodanean sofistikatu egiten dugu soinu aldetik, ze nik teknikoki baliabide gutxi ditut. Abestiaren zati oinarrizkoena argi izaten dut, eta gero detaileak eta soinutxoak sartzen ordu pila bat ematen ditugu.

Reggaetoia goxoa izan daitekeela ere erakusten digu.

Niri reggaetoia asko gustatzen zait, baina egia da mainstream munduan reggaetoiak konnotazio erotikoak dituela, eta oso jeneralista bilakatu den begirada batetik, gainera. Beti dago tonu jakin bat. Eta nik buelta bat eman nahi izan diot horri, nire buruarekin gehiago erlazionatzen nuen sentsibilitate batekin lotuz.

Minimalismoa maite duzu, eta diskoaren erdian jarri duzu abesti minimalistena, hots, «Harrapatu ninduen». Grano bat, euri tanten moduan, eta nota eseki batzuk; gauza gutxirekin kantu bete bat egiteko gaitasuna izan duzu.

Loop batean pianoa eta ahotsa daude, denbora guztian testu eta melodia berdina. Trancearen puntu bat ere badu: ni behintzat ez nintzen nekatzen loop hori entzuteaz eta iruditzen zitzaidan tentsioa sostengatzen zuela.

Zuzenekoetan, zein kantu motatan sentitzen zara erosoago, loopak sortu eta gehitzen edo trantzera eramaten zaituen halako kantu batean?

Ni erosoago nago horrela, ez nagoelako horrenbeste gauzatara. Abestea, gorputz jarreran kontzentratzea, niretzat errazagoa da eskuak libre ditudanean, eta burua, noski! Gainera, zuzenekoan gero eta gehiago ari naiz planteatzen, ez karaoke bat izatea noski, baina bai eskuak libreago edukitzea. Uste dut kontzertu oso txikietan apreziatzen dela looper bat egiten ari naizela edo, baina bestela ez, kontzertu handietan berdin dio nire esfortzu horrek, ez du konpentsaziorik. Horregatik, planteatzen ari naiz pixka bat libreago aritzea.

Eta interpretazioari dagokionez, ispiluaren aurrean ordu asko eman ditzakezu?

Ispilu baten aurrean inoiz ez, baina entsegu asko egiten ditut, bai. Uste dut publikoaren aurrean zauden arte ezin duzula jakin zerk funtzionatzen duen eta zerk ez; beraz, berdin dio zenbat entseatzen duzun. Niretzat adorea hartzearena hortik joan da asko.

«Publikoaren aurrean zauden arte ezin duzu jakin zerk funtzionatzen duen eta zerk ez; beraz, berdin dio zenbat entseatzen duzun. Niretzat adorea hartzearena hortik joan da asko»

Diskoa ixten duen kantua da «Izar baten begitazioa». Harmoniaz Estitxu edo Lurdes Iriondo dakarkigu gogora. Baita Ez Dok Amairuren filosofia hori ere, izarrak, naturari begiratzekoa…

Bai. Etiketa hori jarri izan didate askotan (‘beti’ ez esateagatik), eta ez da ni horrenbeste identifikatu izan naizen etiketa bat. Egia da abesti batzuetan argi eta garbi ikusten dela, honetan adibidez, tradizio oralarekin kristoren lotura duelako, baita harmonia edo melodia aldetik ere, baina baita bertsolaritzarekin, egitura aldetik, errepikapen batzuk, errima… Kantu solteetan ikus  dezaket hori, baina oso agerikoak direla uste dudan beste eragin batzuk bezala, elektronika edo reggaetoia, adibidez. Nire musikan horiek askoz nabariagoak dira folkaren tradizio hori baino.

Orduan, badirudi nitxo batean sartu nahi zaituztela, baina ez, diskoak erakusten du Verde Pratoren proiektua askoz ere zabal eta pluralagoa dela.

Bai, eta, gainera, pixka bat iruzurtia sentitzen naiz. Tradizioa ‘‘berriztatzearen’’ zera hori hor dago, eta badirudi zu aditua zarela tradizioan eta, gainera, berriztatu egingo duzula, eta hor ez dut nire burua identifikatzen. Nik maite ditut hemengo tradizioa eta hemengo musika, baina ez da nire iturri bakarra eta sortzeko orduan ere ez dut esaten ‘‘hartuko dut abesti hau eta ikertuko dut nola interpretatzen zuten orain hainbat mende’’. Ez, ez noa hortik.

Singleari helduz, ‘Niña soñando’-k mundu urbanoago batera garamatza. Nora begira egon zineten kantu hori egiterakoan?

Erritmo latinoa zegoen nire buruan. Niri asko gustatzen zaizkit soinu borobil eta goxoak, berotasun bat dutenak. Ez hotzak edo zorrotzak. Agian horregatik dago bonbo grabe hori.

Zure notarik altuena zein den badakizu?

(Barreak) Ez, baina kantu horretan seguru badagoela.

Ariketa asko egin beharko da horra iristeko.

Bai, batez ere zainketa. Ezin duzu abesti hau abestu pixka bat afoniko baldin bazaude. Nahi nuen abesti honetan polo batera eraman ahotsa, nire mugak ikusi, oso altu kantatzeak oso delikatua bihurtzen duelako ahotsa eta hori transmititu egiten da, delikatu izate hori. Hori abesti honetan agertzea gustatu egiten zait.

Bideoklip bat egin duzue, eta bertan ama ere ibili da aktore lanetan.

Bai, beste gauza askoren artean antzerki irakaslea dut ama, eta Berrobiko eskolan hogei urte gutxienez badaramatza. Orain klasea ematen dien neskatoekin egin genuen bideoklipa eta berak asko lagundu gintuen. Aktore bikainak dira, flipatuta geratu nintzen.

Irudiaren trataerari begiratuta, 70-80etako lehendabiziko bideo horiena eman diozu. Maite duzu estetika hori?

Bideoa, argazki guztiak bezala, nire lagun Maria Muriedasek egin du eta berari gustatu egiten zaio esperimentazio horietan aritzea.

Diskoaren diseinua, ordea, Sahatsa Jauregirena da. Lan potente bat.

Sahatsa eskultorea da, baina beste mila gauza ere egiten ditu; trasteatu zuen eta ni bere kriterioaz asko fidatzen naiz. Aurreko diskoarekin eszenografia bat egin zidan, adibidez; bere gustu estetikoa asko baloratzen dut. Aurreko diskoaren  diseinua ere berea da.

Jaurlaritza Logoa