Zuzenean

«Ziur amaiera duela? Ba al dago lurrik inon?» horixe pentsatzen omen zuten Habana ontzian bidaiatu zuten haur euskaldunek. 1937ko maiatzaren 21ean, Habana ontzia Santurtziko portutik atera zen, gerratik ihesi zihoazen ia 4.000 euskal haurrekin, Erresuma Batura bidean. Izan ere, 1937ko martxoan Elorrio eta Durangon frankistek egindako bonbardaketen ondorioz, Euskal Gobernuak euskal haurrak leku seguruetara eraman nahi zituen. Horretarako, lanean aritu ziren Leah Manning eta Wilfrid Roberts, beraien arteko telegrama eta gutunek erakusten digutenaren arabera.
Telegrama horietan oinarrituta, Bigarren Kafeak 'Kafe Nobelak: Habana' podcast-a prestatu du, benetako gertakarietan oinarritutako fikzio sonoroa. Goiuri Eceizaren zuzendaritzapean, hainbat ahotsek 1937ko udaberrira eramango gaituzte: Jokin Aldazabal, Xabi Ormazabal, Kontxita Beitia, Xabi Tolosa, Oihana Maritorena, Iker Gurrutxaga, Iñigo Asensio, Julen Goikoetxea...


