Zuzenean

Uztailaren 5erako, Kooperatiben nazioarteko egunerako, 109 herrialdetako 312 erakunde biltzen dituen Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak aukeratutako leloak eredu horren aldeko apustua berresten du: ‘Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute’. Ezin ukatu gurean ere pisuzko eredua direla, «erreferente» bihurtzerainokoak, Jokin Diazek berak esan duenez.
Gaur gaurkoz 4.000 kooperatiba inguru daude jasota Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan. 60.000 pertsonek egiten dute lan eredu honetan eta enpleguaren %10a da. «Errepresentazio esanguratsua» Eusko Jaurlaritzako ekonomia sozialeko zuzendariaren ustez. «Sektore guztietan dago kooperatibismoa: hezkuntzan, etxebizitzan, nekazaritzan, garraioetan… Hala ere, Kooperatibismo industriala da garrantzitsuena gurean».
«Erresilienteagoak» omen dira kooperatibak merkatuaren krisien edo aldaketen aurrean. «Gizarte ekonomia giza aurpegia duen ekonomia» dela dio Diazek, «pertsonak erdigunean jartzen dituelako». Horren adierazle ere bada honetan lankidetza kulturak duen garrantzia.
«Ekintzailetza kolektiboa bultzatze izango da erronka hurrengo urteetan» eta argi du Jokin Diazek gizarte ekonomia izan behar dela etorkizuna. «demokrazia eta berdintasun gehiago ekartzen duelako, gizarteratze eta laneratzea bultzatzen duen eredua delako. Azken finean kohesio sozialerako bidea egiten duelako».