Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Maria Ubarretxena
Lakuako Gobernuko bozeramailea

«Lankidetza eta akordioa gure Gobernuaren ikur izan dira, eta horrela jarraituko du izaten»

Imanol Pradales lehendakariaren agintaldiak urtea bete zuen ekainaren 22an, eta ikasturte politikoa eta gaurkotasun politikoa baloratzeko NAIZ Irratiko mikrofonoetatik pasa da Maria Ubarretxena, Gobernu bozeramailea eta Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua saileko sailburua.

Maria Ubarretxena, Lakuako Gobernuko bozeramailea.
Maria Ubarretxena, Lakuako Gobernuko bozeramailea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Igaro da Exekutibo berriaren lehenbiziko urtea. Nolako balantzea egiten duzue?

Lehendakariak berak esaten du akzioen gobernu bat garela, autoexigentziaz jardun behar dugula, eta hala jarduten saiatu gara sailburu guztiak. Horregatik, niri behintzat, ziztu bizian pasatu zait lehen urte hau. Oso exigentea izan da, lan asko egin dugu, baina uste dut oraindik oso motibatuta eta oso ilusionatuta jarraitzen dugula.

Prentsaurrekoetan ikusi dugunez, Gobernuak ‘Euskadi Berria’ leloa erabiltzen hasi da. Zeintzuk dira berritasun hauek?

Seguruenik denean asmatu ez arren, elkarrizketarako eta akordioak lortzeko saiakerak egin ditugu, entzute aktiboa praktikan jarri dugu, eta hori izan da gobernu honen identitatea. Mota askotako eragile askorekin bildu da lehendakaria. Guk beti esaten dugu Gobernuak bakarrik ezin diegula Euskadik dituen erronkei bakarrik aurre egin, eta horretarako kolaborazioa eta akordioak behar ditugula. Lehen urte honetako ikurra hori izan dela, eta hori izango da baita ere aurrerantzean eramango den politika edo dinamika.

Gaurkotasun politikoari dagokionez, Koldo auziak eta Santos Cerdanen espetxeratzeak ikasturtearen amaiera hartu du. Gurera ekarriz, Lakuako Gobernuak bost esleipen egin zizkion Acciona enpresari. Auzi honetan asko hitz egiten da hautetsien arduraz, baina zer egin beharko litzateke ustelkeria auzi hauetan lotura duten enpresekin?

Gu oso kezkatuta eta arduratuta gaude gertatu den guztiarekin, batez ere honek ez duelako batere laguntzen herri baten kalitate demokratikoan sakontzen. Horrelako kasuek desafekzio politikoa indartzen dute, eta herritarrek galdu egiten dute instituzioetan izan beharreko konfiantza. Nolabait, bidea zabaltzen diete autoritarismoari eta populismoari. Gardentasunez jokatzea ezinbestekoa da, eta horregatik, Jaurlaritzan 10 urteko bueltan egin diren esleipenak berrikusi egin nahi ditugu ikusteko dena modu egokian egon dela. Momentu honetan gure Ogasun saila egiten ari da lan hori eta, esan bezala, Legebiltzarrak egiten dizkigun informazio eskakizun guztiei erantzungo diegu, gardentasun osoz. Horrelako kasuen aurrean beti jokatu behar da gardentasun osoz eta ahalik eta esplikazio gehienak emanez.

Hain zuzen, Gardentasun legea ere jorratzen ari zarete zure sailean. Halako ustelkeria kasuei aurre egiteko neurri propiorik jasoko ditu lege honek?

Guretzako garrantzitsua da demokrazia sendotzea eta demokrazian sakonduta aurrera egitea, eta bide horretan, Gardentasun Legea tresna gehigarri gisa ulertzen dugu. Oraingoarekin alderatuta, hainbat berrikuntza ekarriko ditu lege honek. Esate baterako, Gardena plataforma digitala proposatzen dugu, besteak beste, herritarrek administrazioak gaizki egiten dituen horiek anonimotasunez salatu ahal izateko. Baita ere informazioa eskatzen denean, informazio hori bermatua izan dadin. Guk uste dugu tresna garrantzitsua izan daitekeela eta aukera bat badaukagula adostasun bat lortzeko. Momentu honetan legea Legebiltzarrean tramitatzen dago eta gainontzeko taldeek emendakinak egin ahal dizkiote.

Osasun Ituna izan da ikasturte honetako beste elementu nagusietako bat. 24 ildo estrategikoak onartu ondoren, nolako ibilbidea izango du osasun itunak aurrerantz? Zeintzuk dira hurrengo pausoak?

Hilabeteak pasa dira mahai hau martxan jarri zenetik. Lehenengo hiru faseetan erabateko akordioa egon da, bai diagnostikoan, bai printzipioetan, baita 24 ildo estrategikoetan ere bai. Hurrengo pausoa izango da adostasun horiek martxan jartzea. Beraz, guretzako oso baliagarria izan da eta benetan pozik gaude ateratako emaitzarekin. Gainera, Jaurlaritzatik lehen momentutik esan zen profesionalei entzungo zitzaiela eta profesionalek hartutako erabakiak edo egindako proposamenak aintzat hartuak izango zirela. Eta horrela izan da, 400 profesionalek hartu dute parte.

Hala ere, parte hartu duten profesional askok ez sinatzea edo mahaitik irtetzea erabaki dute. Baita sindikatu asko ere irten dira. Aukerarik al dago beraien parte hartzea berriro izateko edo amaitutzat eman daiteke berain ibilbidea?

Agian mahaitik irtetzea erabaki dutenen kasuan, kalkulu politikoa edo taktika politikoa dago. Eta horrek pena ematen digu. Azkenean, lehen aldiz martxan jarri da prozesu bat non osasun arloko profesionalek parte hartu duten eta mahai integratzaile baten bueltan denak lanean aritu garen, eta azken fasean, erabaki bat eman behar zenean, uste dut ezezko horretan errefuxiatu egin direla batzuk. Nik dezepzioaz hartu nuen. Pentsatzen nuen oraingoan alde batera utziko genituela taktika politikoak eta erronka honi danok elkarrekin aurre egingo genuela.

Honetan eztabaida piztu duen puntua osasungintza publiko-pribatuaren baitako harreman hori izan da. Gizartean badagoen eztabaida bada ere. Bateragarriak dira osasuna eta irabazi asmoa?

Bueno, nik balioan jartzen dut profesionalek parte hartu dutela. Eta beraiek ere ados egon dira linea hauekin. 400 profesional baino gehiago parte hartzen duten mahai baten bueltan, segur aski, batzuk beraien proposamenak jarriko zituzten mahai gainean eta beste batzuk beraienak. Baina azkenean adostasunak topatzeko mahai da, eta horretarako agian bakoitzak nahi duena ehuneko ehunean ez da aterako. Orain, goazen positibotik eraikitzera eta lan ildo estrategiko horiek martxan jartzera.

Azkenaldian ere beste eztabaida bat ere egon da kultur sorkuntzaren legearen baitan. Madrilgo Estudio Juridico Gabeiras y Asociados SLP enpresa ibiliko da lege honen sorkuntzan. Ohikoa da kanpoko abokatu talde batek lege proposamenak egitea?

Lizitazio publiko bat egon zen eta enpresa horrek irabazi zuen, gardentasunez eta legeari jarraiki. Hori esanda, horrelako lege batek eskatzen du gaurkotasunez erantzutea kultur arlo osoari, sortzaileei, herritarrei... Eta hor, nolabait, tekniko juridiko espezializatuak behar dira. Jaurlaritzak kasu honetan egin duena izan da tekniko juridiko espezializazio hori lizitazio baten bitartez martxan jarri, laguntza gisa lege hau martxan jartzeko. Noski, gure euskal kulturaren ezagutza Jaurlaritzan dago. Erabakia Jaurlaritzaren esku egongo da, enpresa honek emango duena laguntza juridiko espezializatu hori da. Jaurlaritzak berak ere asmoa adierazi du lege hau era kolaboratiboan egiteko, gure eragileekin eta sektorearekin. Beraz, nik uste dut badaukagula aukera gure kultura, euskara eta gure balioak bistan jartzeko, eta lege hau aukera ikaragarria izan daitek.

Beste lanetako bat izango da euskal enplegu publikoaren legearen moldaketa, hizkuntza eskubideak aintzat har daitezen. EH Bilduk eta EAJk, bakoitza bere aldetik proposamen propioa egin du. Gobernuak zer ikuspuntu dauka auzi honetaz?

Euskara ezin da gatazka izan lan eskaintza publikoetan, eta euskara erabiltzea gatazka gisa asko arduratzen gaitu. 1982tik normalizazio legea martxan jarri zenetik, orain arte euskarak ibilbide bat izan du administrazioaren baitan. Hainbat hamarkadetan egon ez diren arazoak piztu dira azken boladan. Horrek guri kezka eragiten digu, eta Legebiltzarrean martxan jarri diren proposamenek bilatzen dutela segurtasun juridikoa ematea esparru horri. Beraz, ikusi egin beharko da segurtasun juridikoaren ikuspuntutik zer-nolako hobekuntzak ekartzen dituzten eta nola saiatzen diren euskara hizkuntza-eskakizun bezala eskaintza publikoetan blindatzen. Hor tentuz ibili behar gara eta oso ondo aztertu egin behar da proposamenek beteko ote duten bilatzen duten helburua. Bi proposamen daude eta irailetik aurrera hasiko dute Legebiltzarrean ibilbidea.

Alderdi politiko ezberdinen artean eztabaida pizten duen gaia da hau. Propioki PSE ikusi dugu posizio propio bat ere badaukala. Horrek eragina izan du Gobernu barnean?

Ez du eraginik izan, izan ere, guk Gobernu gisa badaukagu adostua dagoen programa bat eta horri asko begiratzen diogu. Kasu honetan, programaren 44. atalean jasota daukagu administrazio publikoak bi hizkuntzetan eman beharko duela zerbitzua, eta hori horrela izan dadin lan egingo dugula. Beraz, lasai gaude.

Urteko aipagaietako bat ere industria izan da. Zer gertatu zaio euskal industriari? Nolatan bihurtu da kezka sortzen duen sektorea?

Gure industria zaindu beharreko altxorra da, eta momentu honetan, geopolitikoki ematen ari den egoerari begira, Euskadik zaindu egin behar du bere altxorra, eta prestatuak egon behar garela etorkizunari aurre egiteko, industria babestuz. Momentu honetan Europan erabaki garrantzitsuak hartuko dira eta Euskadik erabaki garrantzitsu horietan egotea beharrezkoa dela deritzogu. Euskadik badauzka kapazitatea eta ekosistema indartsu bat eremu horretan, eta erabakiorrak izan gaitezke, baita ere Europan. Hortaz, kezka baino, prestatuak egon behar garela ikusten dugu. Etorkizunean aukerak ikusten ditugu eta aukera horiek baliatu behar ditugu. Ezin dugu trena galdu.

Zeintzuk izango dira Industria Planaren misio nagusiak?

Mikel Jauregi sailburuak plana aurkezterakoan esan zuenez, hainbat arlo izango ditu. Badira arlo batzuk non Euskadi oso indartsua den eta hori mantendu egin behar den. Baina identifikatu izan dira beste arlo batzuk non ikusten etorkizunerako aukera ikaragarriak ikusten ditugun, esate baterako, aeronautikoa. Uste dut planak jartzen duela nolabait begirada etorkizunean eta herri honek izan dezakeen ibilbidean. Esan bezala, gu industrialki garrantzitsuak gara eta apustua izango da garrantzitsuagoak izan gaitezen.

Nola doa Talgoren erosketa?

Ba Talgoren erosketa badoa poliki-poliki. Renfek ipinitako isun horrek konplikatu egin zuen gaia, baina gu baikorrak gara. Prozesua astiro doa, baina sendo doa eta uste dugu amaiera ona izango duela.

Miguel Angel Paez garraio saileko sailburuordea astelehenean Irunen alarde baztertzailean parte hartu zuen. Sailburuorde batek parte har dezake emakumea baztertzen duen festa batean?

Ba zuk orain esan didazulako dakit hau. Miguel Angel Paezen erabaki pertsonala izango da, eta ez daukat informazio gehiago baloratu ahal izateko.

Jaurlaritza Logoa