Zuzenean

Helsinki, Zuberoa eta Bogota. Horiek dira Kayleigh Karinenen bidaiak izan dituen geltokiak. Kayleigh Karinen AEBtan du jaioterria, baina azken urteak Finaldian eman ditu, bere arbasoen lurraldean. Hain zuzen, Helsinkiko Unibertsitatean igaro ditu azken urte horiek, bidaia bitxia zein interesgarria egin duela: Zuberoa izan du helmuga, zuberotarrek euskararekiko duten harremana eta lotura ikertu nahian ikerketa-egonaldia egin baitu Zuberoako hizkuntza-ideologiak aztergai. Kolonbiako Bogota hiriko Unibertsitateak antolatutako hizkuntza gutxituen inguruko nazioarteko kongresuan aurkeztu du ikerketa, eta itzuli berritan NAIZ irratiari tartetxoa egin dio bere bidaian. Hain zuzen ere, Etxepare Euskal Institutuak babestuta, Karinen ikerlariak Zuberoako euskara eta biztanleen ongizatearen inguruko ikerlana izan du mintzagai.
Pozarren itzuli da etxera. Izan ere, «arrakasta handia» izan da ikerketa. Baieztapen hori zenbait adibiderekin defendatu du: «Alde batetik, Italiako ikertzaile batek esan dit euskaldunok dena ikerturik genuela uste zuela, beraz, oso berritzailea izan da berarentzat; eta, beste aldetik, Poloniako ikertzaile batek kongresuko ikerketarik interesgarriena izan dela esan dit». «Ikertzaile gazte baten ikuspegitik oso baliagarria izan zait esperientzia», gehitu du.
Ikerketaren abiapuntuari dagokionean, «hutsune» bat antzeman zuela onartu du: «Hego Euskal Herrian ikerketa asko egiten badira ere, Ipar Euskal Herrian egoera ezberdina da, eta Zuberoan hutsunea are nabariagoa da». Zuberoan ikerketa soziolinguistiko «oso gutxi» egin direla nabarmendu du. Karinen esanetan, «Zuberoan euskararen ezagutza Gizpuzkoako bezain altua da, nahiz eta Gipzukoan gehiago hitz egiten den». Zehazki, «hiru bider» hitz egiten da Gipuzkoan, «hizkuntza ideologiaren isla den datua» dela argudiatu du.
Zuberoan ikerketa-egonaldia
Bernat Etxepare Euskal Institutuak babestuta hilabete bateko ikerketea-egonaldia egin zuen Zuberoan: «Larrainen, Maulen, Atharratzen eta Lexantzün egon nintzen». «Zuberotarren egunerokotasunean ahal eta gehien murgiltzeko asmoa nuen», gaineratu du. «Pilotan jolastu nuen; egun batez mendian egon nintzen Zuberoako artzain batekin; Zuberoako gau eskolan parte hartu nuen; edota Maskaradak prestatzen lagundu nuen».
Ikerketa hizpide, 14 elkarrizketa egin ditu, 20-30 minutu bitartekoak. Emaitzek Zuberoako euskal hiztunek euskararekin lotura emozional eta sakona dutela adierazten dute: «Euskararen erabilera ez da solik komunikazio tresna bat, identitate sakon baten parte ere bada». Orokorrean, lotura emozional horrek «ongizatea indartzen» duela ondorioztatu du. «Lotura sakon horrek ere min eragin dezake», gehitu du. Hizkuntza galdu izanarekin du zerikusia azken honek.
Hurrengo urratsak
Maddi Dorronsoro Olamusu ikertzailea ezagutu zuen Bogotan, eta etorkizunean ikerketa bateratua egiteko asmoa du Karinenek. Halaber, Zuberoako ikerketari segida emango dio, Zuberotarrekin elkarlanean.