Zuzenean

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko LABA euskaltzaleen elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute euskararen erabilera soziala sustatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, akordioak 26.000 euroko aurrekontua izango du eta 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.
Finantzaketa honen bidez, LABAk hainbat proiektu garatuko ditu Iruñean, euskaldun komunitatea saretu eta euskararen erabilera soziala hauspotzeko asmoz. Julene Maia elkarteko kidearen hitzetan, «egoera makurra da gaur egun euskararen erabilerari dagokionez Iruñean»: azken kale-neurketaren arabera, erabilera %2,7koa besterik ez da hiriburuan.
Hitzarmenak jasotzen dituen egitasmoen artean, Hazitegia beka-programa nabarmentzen da. Egitasmo berritzaileak sustatzea du helburu, eta gazteen proposamenek lehentasuna izango dute. «Gazteak baitira etorkizuna, eta euskararekiko kontzientzia garatzea funtsezkoa da», adierazi du Mailak.
Beste proiektu batzuk ere abian jarriko dira: Ongietorri Iruñeara, hirira etorri berriei euskaratik harrera egiteko; eta Erupzioa, auzoetara euskararen aldeko jarduera kulturalak eramango dituen ekimena. Azken hau 2025eko udazkenean aurkeztuko da.
LABAren espazio fisikoa ere handitzen ari da Gazteluko plazan, eta irailean irekiko ditu berriz ateak. Bien bitartean, Sanferminetan ere aktibo egongo dira: herri-sanferminetan parte hartuko dute eta uztailaren 9an euskalgintzako beste talde batzuekin batera herri-bazkaria antolatuko dute.


