Zuzenean

Etxahun Arregi ezaguna dugu aspaldian NAIZ Irratiko uhinetan, ‘Kera deia’ saioa gidatu zuen hainbat denboraldiz eta, horrez gainera, Zazkel edota TRB proiektuen inguruan ere aritu gara harekin hizketan. Oraingoan, Kak! talde berriari buruz hitz egin dugu MusikHaria saioan Arregirekin. Taldekide izan zituen Irati Arregi (gitarra eta ahotsean) eta Asier Martinezekin (baxuan) osatu du eta Joanes Garmendia batu zaie gitarra jotzeko taldera. Etxahun Arregik, berriz, bateria joko du.
New Wave, punk eta rock alternatiboa hartu dituzte gidalerro moduan, baina etiketetatik aldendu nahi dute. Lehenengo emanaldia ere eman dute, Lezamako Oxangoitin eta gehiago ere etorriko dira. Diskoa atera aurretik lau abesti aurkeztu dituzte, bi maxi single bezala aurkeztuta eta udazkenerako kaleratuko dute albuma osorik.
Lehendabizikoarekin izan zen Arregi MusikHaria saioan, ‘Ahaztu’ kantua aurkeztuz eta han kontatu zizkigun taldeareen nondik norakoak, sorrera eta etorkizunera begira dituzten asmoak ere. Lau kantu, bideoklip bat eta proiektu berri batek dakarren haize freskoa, hori da Kak! talde bizkaitarrak momentuz eskaintzeko duena. Ea zer ekartzen duten hemendik aurrera, guk behintzat adi jarraituko dugu haien bidea.