Zuzenean

1937ko maiatzaren 21ean, Habana ontzia Santurtziko portutik atera zen, gerratik ihesi zihoazen 3.840 euskal haurrekin, Erresuma Batura bidean. Baina nolakoak izan ziren aurreko egunak? Nola antolatu zuten dena? Benetako gertakarietan oinarritutako fikzio sonoroa sortu dugu guztia kontatzeko.
«Haurrak salbatu behar ditugu» esan zion Leah Manningen gutun batean Roberts diputatuari. Horixe zen helburua. Izan ere, 1937ko martxoan Elorrio eta Durangon frankistek egindako bonbardaketen ondorioz, Euskal Gobernuak euskal haurrak leku seguruetara eraman nahi zituen. Horretarako, lanean aritu ziren Leah Manning eta Wilfrid Roberts, beraien arteko telegrama eta gutunek erakusten digutenaren arabera.
Telegrama horietan oinarrituta, Bigarren Kafeak 'Kafe Nobelak: Habana' podcast-a prestatu du, benetako gertakarietan oinarritutako fikzio sonoroa. Goiuri Eceizaren zuzendaritzapean, hainbat ahotsek 1937ko udaberrira eramango gaituzte: Jokin Aldazabal, Xabi Ormazabal, Kontxita Beitia, Xabi Tolosa, Oihana Maritorena, Iker Gurrutxaga, Iñigo Asensio, Julen Goikoetxea...