Zuzenean
«BVEk eta frankiziek 40 hildako eragin zituzten; kondenatuak soilik, hiru»
‘Impunes’ lanean Batallon Vasco Español ikertu du Iñaki Egaña historialariak. 200 bat orrialdetan Estatu terrorismoaren frankizietako bat landu du eta gogoratu 600 atentatutik gora egin eta 40 bat hildako eragin zituela.
«BVEk eta frankiziek 40 hildako eragin zituzten; kondenatuak soilik, hiru»

Batallon Vasco Español Estatu terrorismoa egiteko egituratutako beste frankizia bat zela nabarmendu du Iñaki Egaña historialariak bere liburu berrian. Aurretik Guerrilleros de Cristo Rey eta ondoren Triple A eta GAL bezala, helburu bera zutela. BVEn helburua ia oposizio guztia zen modu indiskriminatuan eta Ipar Euskal Herrian errefuxiatuen kontrako atentaturen bat egin zuten. GALekin konparatuz, honek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan jardun zuen eta Estatu terrorismoko ekintza diskriminatuak egin zituen batik bat.
Esparrua da desberdintasuna, beraz. Frogatuta dago, ordea, talde guztiek zutela zuzendaritza bat eta honek helburuak markatzen zituela. 50 urte bete dira lehen errefuxiatu baten kontrako atentatua egin zutela: 1975eko ekainaren 5ean Josu Urrutikoetxearen kontra lehergailua jartzen ari zela eztanda egin zion bati eta hil egin zen. Bigarrena atxilotu zuen frantses Poliziak eta gainean zuen telefonora deitu zuten. Candido Acedo Guardia Zibileko kapitainak erantzun zuen. Acedo Zarzuelako segurtasun burua zen eta, beraz, inplikazio oso zuzena zegoen Estatuko aparatuetatik. Adibide asko daude hari hori frogatzen dutenak.
Askotan markatzen da GALeko X jauna Felipe Gonzalez zela. BVEren eta besteen kasuan, Manuel Fraga Iribarne eta beste ministro batzuk izan ziren bultzatzaileak. Batallon Vasco Españolen azken atentatua Lasa eta Zabala desagertu baino bi aste lehenago izan zen. Ondoren, siglak aldatu eta GAL sortu zuten.
Mertzenarioen sarea, egituraren zutabeak, atentatu eta ekintza ezberdinak. Horiek guztiak dira liburuaren ardatza. Liburuaren izenburua ‘Impunes’ da, inpunitatea eta immunitatea izan zutelako horretan aritu zirenek. 40 hildako ofizial eta baliteke 49 ere izatea. Epaileek zigortuak, ordea, hiru izan ziren soilik.


