Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Xabi Barrutia eta Ibai Silicato
Silitia taldeko kideak

«Gure kontzertu bat aztoramendu totala izaten da ikuslearentzat»

Galdera bat botaz hasten du ‘Mirari orok tapatzen zauria’ izeneko diskoa Silitia bikoak. Entzureko erreza de arren, aztertzeko ez da disko erreza, lan asko, estimulu asko eta elementu sorta luzea topatzen delako bere baitan. Narratiba bat ere badu eta pelikula bat osatzera iritsi zaitezke entzutean.

Audio_placeholder

«Gure kontzertu bat aztoramendu totala izaten da ikuslearentzat»

Loading player...
 Ibai Silicato eta Xabi Barrutia dira Silitia taldearen arima.
Ibai Silicato eta Xabi Barrutia dira Silitia taldearen arima. (Adrian LORENZO)

Esan daiteke disko honen prozesua pelikula bat sortzearen parekoa izan dela?

Ibai Silicato: Bai, denbora asko eskaini diogu eta lan handia eman digu diskoak. Guretzako ere proiektu handia da, eroan gaitun denborak merezi izan du, asebeteta geratu gara.

Xabier Barrutia: Bai, izan daiteke errodajearen zera hori badagoela. 

Singleak ikusi eta gero, ez nuen espero kantu hain zuzen eta normatiboa den kantu batekin hastea.

IS: Nik uste dut eskuartean genuen material guztia ikusita, har genezakeen erabakirik onena hori izan zela, kantu zuzen batekin hastearena. Akaso ‘‘Marabilla bat’’ zen horretarako kanturik zuzenena, argitsuena, instrumentuetan gu eta kitto… aurkezpen eskutitz moduko bat, gero albumean sartzeko.

Airera botatzen duzuen galdera da ea «marabilla» nor zen. Ez dakit nor izan daitekeen marabilla den hori.

XB: Zeu, kar-kar. Ez dakit, ea ba Ibai, nor da ba?

IS: ‘Hiru ate’ kantuarekin ere egon ginen zuregaz hizketan eta esan genuen kantuek badutela halako istoriotxo bat. Azken finean hemen ere hori gertatzen da. Diskoko letrak idazterakoan asko zentratu naiz istorio bat sortzen, disko kontzeptual moduan ikusten dut nik. Aurretik datozen istorio batzuk luzatzen noa eta kantu honetan egiten duen galdera horregatik egiten da, baina erantzunik ez du oraindik. 

Hartara, ‘Txo’ kantuan Santanaren itxura duena ere ez didazue kontatuko nor den. ‘Marabilla bat’-eko pertsona bera izan daiteke?

IS: Akaso bai, perspektiba ‘‘kotxino’’ batean.

Diskoa berezia da, elementuz josita, egiteko modua ere halakoa duela iruditu zait. Inspirazioa nondik etorri zaizue? Errefererentzia asko topa daitezke, baina ez dakit zuek non kokatzen duzuen disko hau.

XB: Akaso kantu bakoitzaren arabera joan beharko genuke hori azaltzen, ezta? Batzuetan ideia bat etortzen da eta hori nola bukatuko dugun pentsatzeko bide horretan agertzen dira erreferentzi desberdinak. Behin kanta hasita gertatzen da hori.

IS: Esan, baita ere, galdera hau azken denboran asko egin diguten zerbait dela eta guk ez dugula erreferente argirik. Ez dakigu esaten zein izan diren disko hau sortzerakoan zeintzuk izan diren gure erreferenteak. Disko hau sortzerakoan, gainera, esango nuke ez ditugula gure erreferenteak mahai gainean jarri kantuak sortzerakoan, hau da, sortzen joan garela ideiak etorri ahala eta hor landu dugula gero gainerakoa, jakin dugu abesti bakoitza nondik bideratu.

‘Txo’ kantuaren ekoizpena potoloa da, ez da kasualitatez single moduan kaleratu, ezta?

IS: Urtzi Izarekin egon ginen aste pare batez buru-belarri lanean, Eten Espazio Sonoroan, eta lantegi handitan sartu ginen bertan. Nik uste dut soinu aldetik beste mundu batean mugitzen ari garela.

Estudiora, ordea, lan eskerga eginda iritsi zaretela pentsatzen dut, disko hau estudioan osorik eta bi astetan egiteko, erlojuaren aurka ibili beharko zineten bestela.

XB: Bai, izan daiteke bai. Kantu asko egia da bukatuta genituela estudiora sartu aurretik, baina hiru kanta-edo bertan bukatu ziren. Estudiora ideiak eraman genituen kantuak baino, eta bertan osatu ziren. Bertan atera ziren soinuekin eta haiei tiraka osatu ziren. 

Jostariak diren elementu asko agertzen dira. Izan kontrara doazen sintetizadoreak, izan kutxaren uztaiaren kolpeak… Entzuten diren elementuak, zer dira, liburutegietan topatu dituzuenak edota zuek propio grabatu eta erabilitakoak?

XB: Bada, kantuaren arabera. Baina entzuten diren elementu akustiko gehienak guk geuk grabatutakoak izan dira, izan estudioan edota lokalean. Sampler asko dago diskoan erabilita, baina asko guk grabatuta.

Elementu asko dituzue, baina gero kantu baten xehetasun batek harrapa dezake entzulea. ‘Ixotza dao hotz’ kantuan, esaterako, zintzarri kolpea da niretzat hooka deitzen den hori, kateatzen duen hori. Ez dakit ados zaudeten.

XB: Bai, bai, erabat ados.

IS: Ez dakit nolatan ez dugun gehiago esplotatu baliabide hori. Kantu hau da diskoko abestirik zaharrena, denbora gehien honekin gabiltza bueltaka, eta egin genuenean hori izan zen ideia.

Orain arte bikote moduan ibili zarete, batak abestu eta besteak baxua joz. Kantuak sortzerakoan, ordea, ez zait lan erraza iruditzen baxuak halako pisua hartzea Xabi.

XB: Beno, ea, guretzat nahikoa organikoa izan den zerbait da. Egia da abestiren batean edo bestean saiatu naizela soinu potente bat lortzen baxuarentzat. Hortaz, halakoetan bi baxu pista sartu ditut eta hori normalean ez dugu egiten.

Lehen hiru abestien ostean eta ondorengo hiruen atzetik bi «tarte» deituriko zubi abesti daude. Lekuz kanpo uzten gaituen pieza da lehenengoa, hasieran aipatu pelikulan trantsizioa balitz bezala. Zer iradoki nahi zenuten?

IS: Lehen hiru abestiekin hasiera ematen diogu albumari eta aurkezpena eginda dagoela esan genezake. Hortaz, horren atzetik, siesta momentu bat sartu nahi genion honi eta arratsaldea etorriko litzateke atzetik.

XB: Lehen ‘‘ostiazoa’’ hartuta, sakonago sartzen juteko sarrera moduko bat izango litzateke.

IS: Naturalki eskatu gaitu halako interludio batek, ez lehenago eta ez beranduago. Gauzak lasaitu eta bigarren zatian sartzeko.

Hortaz hurrengo hiru kantuak bigarren bloke bezala ulertu behar dira?

IS: Bai, halako zeozer.

Hortaz nire buruan sortu dudan pelikulan aurrera jarraituz, bigarren bloke honetan siestan egon den pertsonaia hori ez dakit hil egin den, edota «bidaia txar bat» eduki duen drogen kontsumoaren ondorioz. Gainera, nire irudirako, hiru kantuak lotuz gero, pertsonaiak ez daki non aurkitzen den ere.

IS: ‘Zirko’ bada zu pertsonalki galduta zauden une bat, zure burua lekuz kanpo ikusten duzun toki batean zaudenekoa eta erridikuloaren sentsazio hori sentiarazten dizuteneko unea. Pertsonaia honek bere lasaitasuna, bakardadea, mendi punta, nahi du topatu. Horren inguruan dabil hizketan. Albuma kantaz kanta ulertzea interesgarria izan daiteke, baina kontakizuna ez da lineala nire begitarako, hortaz, saltoka ere ulertu daiteke.

Zuzenekoetara laukotean agertu zarete. Nola defendatzen duzue guzti hau? Norbaitek orkestra zuzendari lanak ere ber gain hartu beharko ditu.

XB: Klaketarekin! Kar, kar. Dani Artetxe izango dugu gitarra jotzen eta Adri Lorenzok bateria joko du, printzipioz akustikoa, ikusiko dugu gero ea zeozer elektronikoa ere gehituko ote diogun bere bateria set-ari. Elementu asko dituzten kantuak direnez, aurretik erabaki beharreko gauzen artean dago ea zer elementu bota behar diren ordenagailutik, ea zer joko dugun guk, nola jo, nola lortu soinu hori… edo, «merezi al du soinu hori bera lortzeak?», izan daiteke beste zerbait zuzenean… Horrelako lan eta buruhausteak ekarri dizkigu zuzenekoa muntatzeak.

Hala ere zuen kontzertuetako indargune nagusia sortzen den unibertsoa eta dibertsioa direla esango nuke.

IS: Nahikoa… kokaina? Edo dena delakoa sortzen dela esan genezake. Aztoramendu totala izaten da, eta hori kantu trankilak ere baditugula, justu disko honetan badira halakoak. Zuzenekoak eskaintzen hasi garen honetan, ikusten dugu ekarpen handia egiten dutela kantu hauek zuzenekoetara. Gustura gaude.

Film labur bat ere egin duzue disko honen bueltan. Zerk eman du lan gehiago, diskoak edo errodajeak?

IS: Noski diskoak lan gehiago eman duela. Bideoarena Imanol Exposito eta Imanol Abaden zuzendaritzapean joan da eta haiek eraman dute lan horren zama gainean. Gure erabakia izan zen kantuen hautaketa, baina haiek egin dute lana. Egin duten lana ikaragarria izan da, estetika konkretu batekin eta oso dibertigarria.

Zuek dibertitu zarete edo sufritu duzue?

IS: Bietatik izan du kontuak.

Diskoa eskuratzeko modua zein izango da?

IS: Kontzertuetara etortzen direnei sari moduko bat eman nahi diegu eta bidalketak eta egingo ditugun arren, nahiago dugu zuzenekoetara etortzen direnak lehenestea diskoa eskura dezaten. Sareetan iragarriko ditugu emanaldi berriak.

Jaurlaritza Logoa