Zuzenean
«Ustelkeria endemikoa da eta 78ko erregimenarekin lotzea oso erraza»
PSOEko ustelkeria kasua izanik gai nagusiena azken egunetan, Maria Luisa Gurrutxaga alderdiko diputatuarengana jo du NAIZ Irratiak. «Lur jota» dagoela eta «barkamena» eskatu du. Legealdia amaitzeko itxaropena agertu du, ultraeskuinaren gobernua «okerragoa» izango delakoan.

«Ustelkeria endemikoa da eta 78ko erregimenarekin lotzea oso erraza»

PSOEko ustelkeria krisia lehertu ondoren, Maria Luisa Gurrutxaga Madrilgo Kongresuan Gipuzkoako diputatua izan da NAIZ Irratian.
Nola hartu zenuen albistea?
Indarrarekin aurrera jarraitzeko, baina ezin dut ukatu jota nagoenik eta batez ere lotsatuta, oso lotsatuta. Ez nuen gertuko pertsona eta ez zuen inork espero nik uste, ezta presidenteak ere.
Guardia Zibilaren txostenetik filtratutakoa da ezagutzen den bakarra, zer iruditzen zaizu modu horretan aritzea?
Nik nire aldetik egin dezakedan bakarra da barkamena eskatzea jendeari, gu ez ginen etorri horrelako jokaerak izateko eta apaltasunez diogu ez garela besteak bezala. Guk gure neurriak hartu ditugu eta konpromisoa dugu. Alderdiak kode etikoa jarraitu du. Gero bide juridikoa etorriko da, baina guk ustelkeria susmo bat badago militantziatik apartatzea da hartzen dugun neurrietako bat.
Koldo Garciari buruz zer esaten da alderdian?
Nik ez dut pertsona hau ezagutzen, baina oso zikina iruditu zitzaidan hasieratik horrelako pertsonaje bat egotea hor. Egia da, oso ulergaitza egiten zitzaidan, ez da bere jokabideagatik. Ustelkeria soilik ikusi dugu, baina izugarrizko matxismoa eta emakumeen trataera dago hor. Lotsa ematen dit horrelako gauzak nire alderdian gertatzea.
Ramon Alzorrizek bere konfidantzazko karguetatik dimisioa aurkeztu du PSN barruan, zer iruditu zaizu?
Ez dut informazio handirik, baina bere arrazoiak izango ditu. Ziur aski zerikusia izango du Santos Cerdanek Nafarroan duen pisuak. Beraz, aurrera jo eta inplikatutakoak alderditik eta karguetatik apartatu behar dira.
PPren eta PSOEren ustelkeria kasuak barra barra ezagutu ditugu azken urteotan; 78ko erregimenaren esentzia al da?
Berriz ere barkamena eskatzen dut, oso jota nago. Alabaina, kontu handia izan behar dugu eta ezin dugu denok zaku berean sartu. Adibidez, guk zenbait neurri hartu ditugu berehala. PPk ez du hori egiten eta izugarrizko akusazioak botatzen dizkigu, bera denean alderdi bakarra alderdi gisa kondenatu dutena. Ustelkeria endemikoa da, ez bakarrik hemen, leku askotan. Iruditzen zait 78ko erregimenarekin lotzea oso erraza dela. Nire ustez hemen zerbait sakonagoa dago eta zaila da horren kontra borrokatzea.
Legealdia bukatzeko aukera izango du PSOEk?
Uztailean komite federala izango dugu eta hor aldaketak etorriko dira. Pedro Sanchezek uztailaren 9an egingo du agerraldia Kongresuan eta bere azalpenak entzungo ditugu. Arrazoietako bat aurrera segitzeko ultraeskuina datorrela da, zalantzarik gabe. Oraintxe ikusi dut Voxen asmoa dela pentsio publikoa suntsitzea eta hori da daukagun alternatiba bakarra.