Zuzenean

Nerea:
Kaixo, Ander. Hemen nago.
Ander:
Baina, Nerea, ordu erdi daramat zure zain! Nondik zatoz?
Nerea:
Nafarroatik. Istripu bat izan da Bera eta Irun artean. Azaldu dira guardia zibilak, etorri da anbulantzia bat, egin da ilara luze bat autoekin eta kamioekin... eta gustura, ordu erdi berandu bakarrik iritsi naizelako.
Ander:
Beratik al zatoz?
Nerea:
Bai. Ezagutzen al duzu herria?
Ander:
Pio Baroja idazlea bizi izan zen han. Baina nik Berako musikariak besterik ez ditut ezagutzen: Petti Mitxelena, Beñardo Goietxe, Joseba Irazoki, Joseba Baleztena...
Nerea:
Orduan, Estitxu Pinatxo ere ezagutuko duzu!
Ander:
Gitarra jotzen al du?
Nerea:
Kantaria da. Soul kutsua daukate bere abestiek, musika beltzaren eragina. Bi disko argitaratu ditu: «Haize gorri batek» izena du lehenbizikoak, eta «Isilik daude harriak» izena du bigarrenak.
Ander:
NAIZ Irratian bada neska bat musikari buruzko saioak egiten dituena, eta askotan ipintzen du musika beltza.
Nerea:
Horixe da, ba, Estitxu Pinatxo!
Ander:
Lehengo batean Eddie Condon musikari iparramerikarrari buruz jardun zuen.
Nerea:
Nor zen Condon hori?
Ander:
XX. mendeko jazzeko gitarrista eta kantari bat. New Yorken klub bat izan zuen, eta izugarrizko arrakasta.
ESTITXU PINATXO-GRAMOFONOA
Ander:
Eddie Condon mila bederatziehun eta bortzean jaio zela esan du Estitxuk.
Nerea:
Bortz esan duelako harritu al zara?
Ander:
Guk bost esaten dugu.
Nerea:
Baina... anitz nafarrek erraten dute bortz. Hitz zenbaitekin gertatzen da hori.
Ander:
Zein hitzekin?
Nerea:
Adibidez:
—beste eta bertze,
—ostadar eta ortzadar.
—ostegun eta ortzegun,
—heste eta hertze.
Ander:
Bertze bortz ortziraletan kontzertuak izanen dira?
Nerea:
Halaxe mintzatzen dira, bai. Eta Bortziriak deitzen da bortz herri hauek osatzen duten eskualdea: Bera, Lasaka, Etxalar, Igantzi eta Arantza.
Ander:
Ipar Euskal Herrian ere erabiltzen dute bertze hitza, ezta?
Nerea:
Euskarazko lehenbiziko liburuan maiz agertzen da. 'Bertze jendek uste zuten / ezin eskriba zaiteien. / Orain dute forogatu / engainatu zirela // Euskara, euskara / jalgi hadi mundura'.
Ander:
Bernard Etxepare apaizak argitaratu zuen lehenbiziko euskal liburua XVI. mendean. Haren poemak eta kantuak Bordelen inprimatu ziren.
Nerea:
Nafarroa Beherean jaio eta bizi izan zen Etxepare.
Ander:
Horrek esan nahi du nafar askok erabiltzen dutela bertze hitza azkenengo bortz mendeetan?
Nerea:
Bai, doike!
XABIER LETE - KONTRAPAS
Nerea:
Musika gehien irratian entzuten dut nik. Eta zuk?
Ander:
Nik ere bai, dudarik gabe.
Nerea:
Musika eskaintzen duen irrati franko dago mundu osoan barrena.
Ander:
Audientzien datuek adierazten dute musikak egundoko arrakasta duela irratian. Eta batzuek uste dute musikarik gabe irratiak porrot egingo lukeela.
Nerea:
Musika entzuten nentorren Beratik, errepidean denok automobila gelditu behar izan dugunean.
Ander:
Aizu, Nerea, erakutsiko didazu nafarren mintzatzeko erari buruzko beste zerbait?
Nerea:
Gustatu egin zaizu, e! Tira ba... Zuk esaten duzu: Oso ondo.
Ander:
Bai. Zer moduz? Oso ondo. Eta nola esaten dute nafarrek?
Nerea:
Baztanen erraten dute: Arras ongi.
Ander:
Benetan ongi dirudi horrek. Erabatekoa eta sendoa da arras hitza.
Nerea:
Baina kilometro gutxi batzuk eginez gero, nola erraten dute Malerrekan eta Bortzirietan?
Ander:
Ez dakit ba.
Nerea:
Erraten dute: Hagitz ongi.
Ander:
Baina non dago Malerreka?
Nerea:
Baztanen ondoren dago Malerreka eskualdea. Eta Malerrekaren ondoren Bortziriak. Eta Bortzirien ondoren... Irun.
Nerea:
Ba gauzak esateko modu asko daudela, eta ondo edo ongi esateaz gain, ahoskatzeko moduak ere aldatzen direla.
Ander:
Euskal Herrian kolore asko baitituzte euskalkiek.
Nerea:
Horixe bera! Eta bertze, bortz, ortzadar, ortzegun eta aldaera horiek denak ere badirela euskara.
Ander:
Bai! Aberastu egiten dutela gure hizkuntza.
Nerea:
Eta erakusten digutela besteen hizt egiteko modua errespetatzen, beste, bost, ostadar, ostegun… ez direla bakarrak.
Ander:
Pentsa, ostegunari eguna edo eguena ere esaten diote.
Nerea:
Hurren arte, Ander!


