Zuzenean
18 eta 23 urterekin bada ezohikoa Clown giroan erabat murgiltzea, baina Ilargi Corchero eta Idurre Puertasek aldarrikatu egiten dute gazte eta clown izatearen zentzua. «Lan politikoa» osatu dute «Clownari darion inozentzia» horretatik abiatuta. Sorkuntza prozesu honekin batera jaio dira Tontxa eta Pelotxa, euren Clown pertsonaiak. «Biak zero hutsak dira. Bata gizarteak horrela behartzen diolako eta bestea bere erabakia izan delako dena alde batera uztea». Egoera horretatik ‘numero’ borobila lortzen saiatuko dira. Halaxe dio euren sinopsiak, eta eurek ere aitortu dute clownak eskaini diena sorkuntza prozesu honetan.
«Proiektua hasi genuenean hasi nintzen kezkatzen ninduten gaiei tiraka, eta hor agertu zen bakardadea. Eta bakardadeari tiraka, berriz, ertzetan bizi diren pertsonen bizitza nolakoa izango zen ere hasi ginen irudikatzen. Ezer ez izatearekin hausnartzen zeroaren ideia hori, eta konturatu ginen zero kontzeptuak joko asko zuela emateko» aitortzen du Ilargi Corcherok. Clownera jo dute lan hau egiteko eta Idurre Puertasek azpimarratu duen bezala «Clownak badu inozentzia bat, intentzio txarra falta zaio, eta horrek ere joko asko eman digu sorkuntza prozesuan».
Zero-Zero Amarozko Antzerki astean estreinatuko dute Uztailaren 2an.


