Zuzenean

Maia Ruiz de Alda aktibista Euskal Herrira itzuli berri da Palestinarekiko elkartasuna adierazteko Egipton burutu den martxa globaletik. Martxaren helburua Rafah hirira iristea zen, baina egiptoar agintarien jazarpenaren ondorioz parte-hartzaileek ezin izan zuten amaierara iritsi.
«Pasaporteak kendu zizkiguten eta bortizki sartu gintuzten autobusetan. Une oro poliziak inguruan genituen», azaldu du Ruiz de Aldak. Bere kasuan ez zuen indarkeriarik pairatu, baina hainbat lagun atxilotu edo deportatu zituzten, batez ere jatorri arabiarrekoak.
Martxa ez zen hutsala izan, ezta isolatua ere. Mundu osotik bertaratu ziren pertsonak, guztiak helburu argi batekin: Gazako genozidioa salatu eta erresistentzia indartu. «Jendea oso indartsu zegoen, eta Sumud konboiak indar sinboliko handia izan du. Mobilizazioak ez du etenik izango», nabarmendu du aktibistak.
Egipto barruan, parte-hartzaileek etengabeko kontrola eta presioa jasan zuten. «Ez ziguten inolako azalpenik eman. AEBek eta Israelek presioa egin zuten martxa gelditzeko», adierazi du.
Ruiz de Aldaren arabera, Europako herrialdeek eta enpresek Israelekin duten harremana eteteko garaia da. «Gure gobernuak eta enpresak Gazako sarraskia laguntzen ari dira modu isilean, negozioaren izenean», salatu du.
Bukatzeko, aktibistak berretsi du Sumud martxaren mezua bizirik dagoela, izan ere, iraunkortasuna eta tinkotasuna dira borrokaren oinarriak. «Elkartasunak ez du etenik izango».