Zuzenean

Izaro ‘La Revuelta’ saioan: euskal musikaren distira espainiar Estatuko kate publikoan

Astearte honetako ‘La Revuelta’ saioan izan zen Izaro Andres Mallabiako abeslaria. David Broncano aurkezlearekin izandako elkarrizketan, bere ibilbide musikalaz, azken lanaz eta euskararekiko konpromisoaz hitz egin du. 

TVE-1eko ‘La Revuelta’ saio aski ezagunean, Izarok bere azken lana, ‘Cerodenero’ diskoa, aurkeztu du. Disko horrek dolua, bizitzako etapa zailak eta sendatze-prozesuak jorratzen ditu, popa, folka eta elektronika uztartuz. Izaroren hitzetan, ‘Cerodenero’ izenak trantsizio emozional bat irudikatzen du: zero puntu emozionaletik, mendi baten igoeraraino eta, berriz, espiritualki jaitsi artekoa. Proiektu intimo eta pertsonala den diskoak, entzulearekin konexio emozionala bilatzen du.

Euskararen presentzia ikusgai

Izarok, euskararekiko duen lotura sakona nabarmendu du elkarrizketan, euskaraz abestuz eta hitz eginez. Horrez gain, David Broncano eta Izarok batera abestu dute Oskorriren kantua den ‘Sautrela’. Momentu horrek publikoaren txaloak eragin ditu, sare sozialetan ere oihartzun handia izanez.

Gainera, saioan euskaraz hitz egin eta abestu ahal izan du Izarok, eta ‘Xorieri’ abestia zuzenean interpretatu du. Sekulako interpretazioa egin zuen oholtza gainean, formatu akustikoan hasiz eta bere ekipo guztia sartuz ondoren. Eszenatokian lagun izan ditu Valeria Castro, Garazi Esnaola eta Olatz Salvador, ‘Xorieri’ abestiaren koruak egiten. Baita Oreka TX taldekoak txalaparta eta adarra joz eta Baiuca galiziarra oinarri elektronikoak jarriz ere. Eta, nola ez, Osa+Mujika konpainiako Carlos Ojeda, Jaiotz Osa, Garazi Etxaburu eta Paula Parra dantzariak ere oholtzan izan ziren artista bizkaitarraren showa borobiltzeko.

Nazioarteko ikusgarritasuna sendotzen

Estatuan ikusle asko dituen saioa da ‘La Revuelta’ eta Izaroren parte-hartzea mugarri berria izan daiteke bai bere ibilbidean, baita Euskal Herrian eta euskaraz egindako musikaren ikusgarritasunean ere. 

Azken urteetan, Izaro artistaren proiekzioa gorantz doa bai Euskal Herrian, baita nazioartean ere. MIN Sarietan 2024ko  Euskarazko Album Onenaren saria irabazi zuen ‘Cerodenero’ diskoarekin, eta BIME Bogota kongresuan ere parte hartu zuen. Mundu mailan ere ari da bere musika zabaltzen eta horren adibide da azken kontzertuak Ertamerikan: Dominikar Errepublikan, Guatemalan eta Mexikon, iragarri dituela.


Jaurlaritza Logoa