Zuzenean

Iraia Cambra | Peli Lekuona
Elkarrizketa
Isa Eguiguren
Yala Nafarroa plataformako kidea

«Genozidioaren aurrean ezin gara isildu; festa erabil daiteke giza eskubideen alde egiteko»

Yala Nafarroak botako du 2025eko sanferminetako txupinazoa, Palestinarekiko elkartasuna aldarrikatzeko. Isa Eguiguren, plataformako kidea, NAIZ Irratian izan da txupinazoari buruz hitz egiteko.

Audio_placeholder

«Genozidioaren aurrean ezin gara isildu; festa erabil daiteke giza eskubideen alde egiteko»

Loading player...
Isa Eguiguren, Yala Nafarroako kidea, plataformaren agerraldi batean.
Isa Eguiguren, Yala Nafarroako kidea, plataformaren agerraldi batean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

2025eko sanferminetako txupinazoa Yala Nafarroak botako du. Palestinarekiko elkartasuna sustatzen duen plataformak bozketa publikoan babesik handiena jaso du, botoen %52,85 bereganatuz. Iruñeko alkate Joseba Asironek iragarri du erabakia.

Txupinazoa «genozidioaren aurkako esperantzarako suziri» gisa definitu du Isa Eguiguren plataformako kideak. Yala Nafarroaren hautagaitza Iruñeko Peñen Federazioak eta Nafarroako Dominikar Etxeak aurkeztu zuten, eta Iruñeko Udalak azpimarratu du hautatua izan den plataforma «bakearen, justiziaren eta giza eskubideen aldeko lanagatik» nabarmendu dela.

Prentsaurrekoan, plataformako ordezkari Lidon Sorianok adierazi du Palestinak bizi duen egoera «historikoki gogorrenetakoa» dela eta Sanferminetako jaiak aukera paregabea direla munduari elkartasun mezua helarazteko. «Pentsa dezagun guk ospatzen dugun bitartean, Palestinan jendea babesgabe dagoela», azpimarratu du.

Yala Nafarroako kide Isa Eguigurenek azaldu duenez, txupinazo eguna «poza eta aldarrikapena» uztartzeko eguna izango da. «Genozidioaren aurrean ezin gara isilik egon, eta festa ere erabil daiteke giza eskubideen aldeko aldarria egiteko», adierazi du. Era berean, gomendatu du jendeak txupinazo egunean sinbolo txikiren bat eramatea Palestinarekin elkartasuna erakusteko (pin bat, kamiseta…).

«Mundu osoari erakutsiko diogo Iruñeak Palestinarekin duen elkartasuna eta batez ere kendu dieten alaitasunerako eta festarako eskubidea aldarrikatuko dugu», azaldu du. Izan ere, bere ustez, sanferminak «plataforma paregaba» izango dira Palestinak behar dituen aldarrikapenak plazaratzeko.

Horregatik, txupinazoaren unea «oso hunkigarria» izango dela aurreikusten du. «Haiek esaten digute oso garrantzitsua dela egunero beraietaz hitz egitea. Haietaz hitz egin behar dugu», nabarmendu du.

Yalako kideak gogoratu du genozidio hau «brutala» izaten ari dela. «Atzo 70 pertsona hil zituzten tiroz janari bila zihoazela, ume asko gosez hiltzen ari dira; hau dena ezin dugu baztertu nahiz eta festak izan, nahiz eta izugarri disfrutatu sanferminetan», adierazi du.

Gazarekin duten harreman zuzenari esker, albistea bertara iritsi dela baieztatu du, nahiz eta komunikazio zailtasunak medio oraindik ez duten erantzun zuzena jaso. Hala ere, Eguigurenek adierazi du Palestinako herriak «pozez eta eskertuta» jaso duela berria. «Esperantza handiarekin hartu zuten albistea, asko eskertzen dute asko jendea mugitzea... ez ahazteko eta egunero beraiei buruz hitz egiten jarraitzeko eskatzen digute».

Bestalde, Yala Nafarroak udaletan Israelekin harremanak eteteko mozioak bultzatzen jarraituko duela iragarri du, nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen gomendioak aintzat hartuta. «Presio haundia egin behar dugu instituzio eta kaleetatik genozidio hau bukatzeko», azpimarratu du.

Uda honetan ere ekimen gehiago prestatzen ari direla azaldu du Eguigurenek, nahiz eta opor sasoia den eta mobilizazioak antolatzea zailagoa izan ohi den. Gainera, Eguigurenek nabarmendu duenez, «demokraziaren eta nazioarteko legediaren defentsan jardutea guztion ardura da, eta Palestinaren aldeko borrokak guztion du oihartzuna».

Jaurlaritza Logoa