Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Eguraldia

[2x32] Kapitulu honetan eguraldiari lotutako hiztegia lagunduko dugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Eguraldia

Loading player...
Behelainoa Errenterian [Andoni Canellada FOKU]
Behelainoa Errenterian [Andoni Canellada FOKU]

ANDER:

Kaixo, Nerea, zer moduz?

NEREA:

Ondo, erronka berriei heltzeko prest!

ANDER:

Bai, hala da; aurten Naiz Irratiaren podkasta egingo dugu elkarrekin.

NEREA:

Pozten naiz! Izen ederra jarri diogu: Adi eta Ari!

ANDER:

Euskara ikasteko prozesuan, B2 maila landuko dugu podkastean.

NEREA:

Hiztegia landuko dugu batez ere. Gure programazioan entzuten ditugun saioetako elkarrizketetatik hitz bat aukeratu eta horren azalpenak eman, sinonimoak aipatu, antzeko esanahia duten hitzak bildu, esanahi bereko egiturak landu … Zer iruditzen zaizu, adibidez, eguraldi kontuekin hastea?

ANDER:

Bikain!

NEREA:

Euskaldunen artean beti da oso ohikoa eguraldiaren ingurua hitz egitea. Egia esan ez dakit zergatik.

ANDER:

Nik beti kontsultatzen ditut mugikorreko  eguraldi-aplikazioak, eta irratian ere ez dut galtzen eguraldi iragarpena. Zuk, adibidez, bereizten al dituzu eguraldia eta denbora?

NEREA:

Bai, motel… Eguraldia da… eguneko giroa nolakoa den: eguzkitsua, euritsua, haizea egiten duen… eta denbora, berriz, nik zurekin galtzen dudana!

ANDER:

Naiz Irratian, Iker Ibarluzeak ematen du egunero eguraldiaren partea. Iker Ibarrakoa da eta geografia ikasketak egin eta, ondoren, meteorologia espezializazioa aukeratu zuen. Egunero-egunero ematen du eguraldi partea NAIZ irratian, eta Twitterren ere aritzen da aurreikuspenak egiten. Hemen bere iragarpena:

 

 

IKER IBARLUZEA EGURALDI-ADITUA

 

NEREA:

Ados… ba esan dituen horien artean, nire gustukoena, behe-lainoa. Horretaz ari zinen, ezta? Behe-lainoa bazter guztietan dagoela esnatzen dira gure bazterrak.

ANDER:

Horixe esan nahi nuen, bai. Zuk erabiltzen al duzu behe-lainoa hitza?

NEREA:

Bai, noski. Mendi inguruetan, goizetan oso ohikoa da hodeiak mendiak estaltzea, ezta? Hori da behe-lainoa.

ANDER:

Bai, baina aipatu dituzu bi hitz, erabat berdinak ez direnak: behe-lainoa eta hodeia. Behe-lainoa, lainoa, lainotu… eta lanbrotu ere esan ohi da.

NEREA:

Bai, bueno, ni ere batzuetan dezente lanbrotuta ibiltzen naiz.

ANDER:

Taberna zuloetan! Kar, kar, kar!  Euri-laino ere esaten dugu, euria ekartzen duen lainoa aipatzen dugunean; beste kasu bat: ipar-laino.

NEREA:

Lainoa aipatzean, eguraldi onik ez.

ANDER:

Gipuzkoan, adibidez, hodeiak esateko ere lainoak hitza ere erabiltzen dute.

NEREA:

Bai. Eta lainotuta dagoenean, ez dugu eguzkia ikusten. Hodeiak, berriz, molde askotan agertzen dira: behe-hodeiak, trumoi-hodeia…

ANDER:

Lainoa, lanbroa, gandua… gauza bera esateko sinonimoak dira horiek.

NEREA:

Nik horiek ezagutzen ditut, baina ez ditut denak erabiltzen.

ANDER:

Nik ere ez. Bueno, adibide ederra entzungo duzu orain. Abesti hau jende askok kantatu izan du eta kantu-jiretan ohikoa da. Guk Amaia Zubiriaren ahotsean entzungo dugu. 

 

ITSASOA LAINO DAGO - AMAIA ZURIRIA

 

NEREA:

Itsasoa laino egotea… Oso poetikoa.

ANDER:

Bai, itsasotik ere sartzen da lainoa lehorrera.

NEREA:

Baina, beste aldean, lainoak saretu egiten direla ere esaten dugu.

ANDER:

Hala da, laino horiek, hodei horiek, sakabanatzen direnean.

NEREA:

Eta, orduan, zeru guztiz urdina eta eguzkitsua ez denean, ostarteak izaten dira.

ANDER:

Ostarteak, eguzkia eta hodeiak batera… eguzkia agertzen hasten denean, bai.

NEREA:
Oso ondo! Orduan, gaur ZER IKASI DUGU?

ANDER:
Askotan, behe-lainoa izaten dugula goizetan, mendiak eta bailarak estaltzen; baina egunak aurrera egin ahala desagertzen dela.

NEREA:
Lainotuta egoten dela giroa, eguzkirik ez dagoenean, hodeiak nagusi direnean.

ANDER:
Hainbat modu daude lainotu esateko: lanbrotu, gandotu… leku batzuetan era batera eta beste leku batzuetan beste era batera erabili ohi dira.

NEREA:
Eta geu ere, batzuetan, hodei gutxi baina nahiko lainotuta egoten garela, nahastu samar gabiltzanean.

ANDER:
Hala da, Nerea! Bueno, segi fin eta laster elkartuko gara berriro.

NEREA:
Bai, hala espero.

 

Jaurlaritza Logoa