Zuzenean

Zaporeak-eko kide den Oraitz Garciaren aipatu du “«plaza lepo bete zen eguerdian eta beste behin, herritarren bultzada funtsezkoa izan da». Jaialdiaren helburu nagusia, urteurren ospakizunaz harago, diru eta elikagai bilketa bat egitea izan da, Greziako Lesbos uhartean dauden errefuxiatuei laguntzeko.
Erakundeak egunero 2.500 otordu prestatzen ditu bertan, eta horretarako baliabide ekonomikoak, boluntarioak eta elikagaiak behar dituzte etengabe. «Duela hamar urte sei hilabeteko larrialdi bati erantzuteko iritsi ginen Kiosera; hamar urte geroago, oraindik bertan jarraitzen dugu, egoerak ez duelako hobera egin», azaldu du Garciak.
Zaporeak proiektua boluntariotzan oinarritzen da. Grezian, bertako talde egonkor batek eta Euskal Herritik astero joaten diren 8-10 lagunek osatzen dute sukaldeko eguneroko taldea. Proiektuak, hasieratik, «pertsona errefuxiatuei elikadura duina eskaintzea izan du helburu», eta horretarako, elkartasun sare zabala ehundu dute Euskal Herrian.
Garciak azaldu duenez, «azken urteetan errefuxiatuek pairatzen duten egoerak ez du hobera egin», eta komunikabideetako fokua beste gatazka batzuetara desbideratu bada ere, «euskal jendartearen elkartasuna eta babesa ez da aldatu».
Proiektuaren etorkizunaz galdetuta, Zaporeak-ek urte amaierarako ekitaldi berezi bat prestatzea aztertzen ari dela jakinarazi dute, 10. urteurrenari amaiera biribila emateko. Bien bitartean, sukaldean lanean jarraituko dute, plater bero batek ematen duen duintasuna egunero bermatzeko.